Zabaldu dute XIX. San Silbestre lasterketan izena emateko epea

Uztarria.eus 2019ko urr. 21a, 18:34
Iazko San Silbestre lasterketako irudia.

Xeye atletismo taldeak antolatuta, San Silbestre lasterketa egingo dute abenduaren 31n, eta Kirolprobak.com atarian dagoeneko eman daiteke izena. Ohi bezala, lasterketa irekia ere egingo dute, baina proba horretan ez dago izena eman beharrik.

Ohi bezala, aurten ere San Silbestre lasterketa jokatuko dute urteko azken egunean, Xeye atletismo taldeak antolatuta. Aurtengoa probaren hemeretzigarren edizioa izango da, eta sei kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek; Azpeitiko plazatik abiatu eta herrian zehar bi itzuli egin beharko dituzte. 12:00etan hasiko da lasterketa, eta dagoeneko zabaldu dute bertan izena emateko epea. Kirolprobak.com helbidean eman daiteke izena, bederatzi euro ordainduta. Abenduaren 29an bukatuko da Internet bidez izena emateko epea.

Izena emateko beste modurik ere izango da. Hain zuzen ere, abenduaren 30ean eta 31n izena emateko postua jarriko dute antolatzaileek, Azoka Plazan. Egun horietan, hamabost euro ordaindu beharko da proban parte hartu ahal izateko. Aurten, 700 dortsal izango dira, baina antolatzaileek azaldu dutenez, ez da komeni azken agunera arte zain egotea; izan ere, zenbait urtetan dortsal guztiak agortu izan dira. Proba amaitzean, maila guztietako irabazleei sariak banatuko dizkiete, eta parte hartzaileen artean zozketak ere egingo dituzte.

Lasterketa herrikoiaren aurretik, azken urteetan bezala, Txolarte elkartearekin elkarlanean antolatzen duten lasterketa irekia egingo dute. Inklusioaren aldeko ekitaldia izango da, eta lasterka ez ezik, oinez ere egin ahal izango dute animatzen direnek. Lasterketa irekiak ez du sailkapenik izango, eta ez da izenik eman beharko parte hartzeko. 11:30ean egingo dute lasterketa irekia.