Iñaki Arregi beka jaso du Enara Eizagirre azpeitiarrak

Uztarria.eus | Euskara
2019ko urr. 21a, 12:34

UEMAko urdalerrietako erdaldunek euskararen inguruan dituzten gogoetak aztertuko dituzte Eizagirrek, Edurne Urrestarazu idiazabaldarrak eta Ekhi Zubiria hernaniarrak. Lana gauzatzeko bederatzi hilabeteko epea izango dute egileek, eta 5.000 euroko dirulaguntza eskuratuko dute. 2020ko udazkenean UEMAk antolatuko dituen jardunaldietan aurkeztuko dute proiektua. Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia ikerketak ere jasoko du beka.

Bekaren sustatzaileak eta irabazleak gaurko aurkezpenean –ezkerretik hirugarrena da Eizagirre–. (UEMA)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Iñaki Arregi ikerketa bekaren lehen deialdian saritutako ikerlanen berri eman dute gaur, astelehena, eta saritutako bi proiektuen egileen artean da Enara Eizagirre azpeitiarra. Hain zuzen ere, UEMAko urdalerrietako erdaldunek euskararen inguruan dituzten gogoetak aztertuko dituzte Eizagirrek, Edurne Urrestarazu idiazabaldarrak eta Ekhi Zubiria hernaniarrak. 2005az geroztik udalerri euskaldunetara iritsi diren Euskal Herritik kanpoko erdaldunek euskararekin zer-nolako harremana duten, zer bizipen bizi izan dituzten eta euskararekiko nahiz bizi diren herriarekiko zer iritzi duten aztertuko dute. Lana gauzatzeko bederatzi hilabeteko epea izango dute egileek, eta 5.000 euroko dirulaguntza eskuratuko dute. 2020ko udazkenean UEMAk antolatuko dituen jardunaldietan aurkeztuko dute proiektua.

Udalerri euskaldunak garatzeko proposamen zehatzak eta bideragarriak biltzeko helburuarekin jarri zuten martxan Iñaki Arregi bekaren deialdia. UEMAk sortu du beka, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren babesarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kontseiluarekin eta UEUrekin elkarlanean. Aurten bi proiektuk jasoko dute beka: udalerri euskaldunetako erdaldunek euskararen inguruan dituzten gogoetak jasotzeko azternala nahiz tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologiaren inguruko ikerketa lagunduko dituzte diruz. Azken ikerketa hori Joseba Garmedia ekonomian doktoreak eta EHUko irakasleak gauzatuko du.

Gaurko ekitaldiaren hasieran, Iñaki Arregi bekaren garrantzia azpimarratu dute haren sustatzaileek. Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariaren hitzetan, euskararen biziberritzean "nahitaez" behar da ikerketa: "Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UEMAren arteko elkarlanaren alde lan handia egin zuen Iñaki Arregik, eta beka honek bere izena izatea poztekoa da, ikerketa eta elkarlana uztartzen dituelako". UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren arabera, udalerri euskaldunak garatzea da euskararen arnasguneei "sendo" eusteko modu eraginkorrena: "Beka honekin sarituko diren lanek udalerri euskaldunak garatu ahal izateko ekimen zehatzak jarriko dizkigute eskura urtez urte". Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Ikerketa eta Koordinazio zuzendari Josune Zabalak, berriz, udalerri euskaldunek eta arnasguneek euskararen biziberritzean eta normalizazioan duten garrantzia nabarmendu du.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu