Euskal kulturaren transmisioak hezkuntza arautuan dituen erronkez hausnartu dute 110 lagunek

Uztarria.eus 2019ko urr. 19a, 21:20

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldia egin dute gaur Azpeitian, Jalgik, Azpeitiko Udalak, Hik Hasik, Elkar fundazioak, Ikaselkarrek eta UEUk antolatuta. Berez Basazabalen ziren saioak egitekoak, baina ekitaldira espero baino jende gehiago apuntatu zela eta, Azoka Plazan egin dute azkenean. 09:00etan hasi eta 19:00 arte euskal kulturaren transmisioaz gogoeta egiten aritu dira hainbat lagun, eta horretarako, hitzaldi eta mahai-inguru sorta izan da. Guztira, 110 lagun elkartu dira jardunaldian.

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzeko eta sendotzeko helburuarekin antolatu dute gaurko saioa. Zehazki, hezkuntza arautuan jarri dute gaurkoan arreta, eskola bitartekaritzaren egoeraz gogoeta egiteko, eta kulturaren irakaskuntzaren erronkak xehatzeko asmoz. Nolanahi ere, hezkuntza arautuaren eta hezkuntza ez-arautuaren arteko zubi zenbait ere izan dituzte aipagai, bi eremuen arteko elkarlana eta osagarritasuna ardazten joateko.

Euskal kulturan adituak eta arituak diren hainbat aritu dira gaurkoan solasean, eta hizlariren batek dantzan ere jarri ditu bertaratu direnak. Eguerdian, Elikaguneko kideek prestatutako bazkaria dastatu dute partaideek, eta jardunaldiari amaiera emateko, Dinamoa sormen gunea ezagutu dute.