Trikitia inoiz baino biziago, Trikigiro jaialdiaren V. edizioan

Uztarria.eus 2019ko urr. 19a, 14:21

Trikiti eta pandero hotsek hartu zituzten atzo –ostirala– herriko kaleak. Izan ere, Trikigiro jaialdiaren V. edizioa egin zuten, Trikigiro elkarteak eta Kulturaz kooperatibak antolatuta. 19:00etan elkartu ziren bailarako trikitilariak eta pandero-jotzaileak, eta musikari gazteenek emanaldia eskaini zuten bertan, 19:00etan. Ondoren, kalejira egin zuten Alde Zaharrean barrena, eta segidan, afaria izan zen Sanagustin kulturgunean.

Afalostean ere trikiti doinuak izan ziren protagonista; izan ere, 23:00etatik aurrera, hainbat trikiti-jotzaile eta pandero-jotzaile igo ziren kulturguneko agertokira. Besteak beste, bertan izan ziren Julen Rueda, Julen Labaka, Haritz Garmendia, Manex Torrealdai eta Ekiñe Uzkudun; Mendaroko trikitilariak; Garixe, Arbeo, Attola, Maltzeta eta Txino; Izaro Oleaga, Araitz Etxaniz, Jurgi Ituarte eta Garazi Larrañaga; Elortza eta Aizpurutxo anaiak; Lanberri, Maria Lasa, Naiara Urresti eta Garazi Otaegi; eta Lidia nahiz Itzeder.

Beste urte batez, argi gelditu da trikitia bizi-bizirik dagoela bailaran; horren erakusle izan zen atzo Azpeitiko kaleetan elkartu zen trikitilari andana eta iluntze aldera herrian sortu zen giroa.

(Argazkiak: Nora Alberdi, Yuri Agirre eta Ibon Errazu)