Azpeititik abiatuko da Nomadak, artea eta Vasco Navarro trenbidea lotuko dituen proiektua

Uztarria.eus 2019ko urr. 18a, 18:45
Nomadak proiektuaren sustatzaileak, artistak eta egitasmoa igaroko den herrietako udaletako ordezkariak, Dinamoaren kanpoan.

Mundu osotik bertaratutako zazpi artistak egonaldi artistikoak egingo dituzte Vasco Navarro trenbidea igarotzen zen hainbat herritan. 41 egun iraungo du egitasmoak, eta Iruñean amaituko da, azaroaren 21ean. Bronik artista mural bat egiten ari da egunotan Azpeitian.

Kaleko artea eta Vasco Navarro trenaren ibilbidea lotzen dituen Nomadak proiektua aurkeztu dute gaur Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Egonaldi artistikoak biltzen dituen proiektua da Nomadak, baina egonaldi horiek leku bakar batean egin beharrean, Euskal Herriko hainbat txokotan egingo dituzte. Hain zuzen ere, Bergara (Gipuzkoa) eta Lizarra (Nafarroa) lotzen zituen Vasco Navarro trenbidea igarotzen zen hainbat herritan lan egingo dute proiektuan parte hartuko duten zazpi artistek. Mundu osoko hainbat herrialdetatik bertaratuko dira artistak, eta beren arrastoak utziko dituzte Euskal Herriko hormetan, artelanen bidez.

Iñaki Landa proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, duela hiru urte hasi ziren Nomadak egitasmoa lantzen, eta aurten jarri ahal izan dute martxan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker. Landaren arabera, bi helburu ditu proiektuak: batetik, Vasco Navarro trenbidearen ondareari balioa eman nahi diote; eta bestetik, artea kalera ateratzea dute asmo, Euskal Herriko herrietan barrena. "Kaleko artearen bidez burdinbidearen bestelako historia bat kontatu nahi dugu, gaurkotua, eguneratua eta garaikidea", esan du.

Vasco Navarro trenbidea Azpeititik igarotzen ez bazen ere, Burdinbidearen Euskal Museoa Azpeitian dagoenez, Azpeitia ere hartuko du egitasmoak. Nomadak Azpeitira ekartzeko beste arrazoi bat ere aipatu du proiektuaren koordinatzaileak. "Guretzako oso inportantea zen artista denek ondo ulertzea non dauden, testuingururako baliabideak eskaintzea eta haiei lur hartzea bermatzea. Horregatik, Azpeititik abiatu gara".

Ibilbideak 41 egun iraungo ditu, eta azaroaren 21ean bukatuko da, Iruñean. Hainbat herritan utziko ditu arrastoak egitasmoak: Azpeitian, Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Landan, Gasteizen, Maeztun, Kanpezun, Lizarran eta Iruñean. Bide horretan, sormen prozesuen emaitza izango diren artelanak garatuko dituzte proiektuaren parte diren zazpi artistek. Honako hauek dira artista horiek: Jens Besser, Bronik, Belen Robeda, Tomas Facio, Esteban Loeschbor, Yone Estivariz eta Elisa Battison. Haietako bakoitzak elementu ezberdinak erabiltzen ditu lanerako: pintura, spraya, akrilikoa, grabatua, argazkiak...

Lehen geldialdia, Azpeitian

Ibilbide artistikoko lehen geldialdia Azpeitian egingo dute. Hain zuzen ere, Bronik artista Azpeitian da igandeaz geroztik, eta mural bat egiten ari da Garmendi auzunearen inguruan, Urolako trenaren ibilbideko tunel bateko horman; lana asteazkenean amaituko duela aurreikusten du. Bartzelonan bizi den artista peruarra da Bronik, eta bizikletaz doan pertsonaia bat sortzen ari da. "Pertsonaia horrek inguruan hainbat elementu ditu, eta horrela, pertsonon bizitzan garrantzitsuak diren elementuak sinbolizatu nahi ditut". Bere artea inguruan integratzeko helburua ere badu. Horren harira, duela hiru egun Zumarragatik Azpeitira arteko bidea bizikletaz egin zuen. "Euskal Herrira etorri naizen lehen aldia da, eta oso inguru berdea da hau, ingurumenari oso lotua. Horri lotutako sentsazioak biltzen ari naiz egun hauetan, horiek sormen prozesuan txertatzeko", azaldu du. Lanean ari dela, herritarrak berarengana gerturatzea eta elkar aberastea ere nahi du: "Batzuetan zaila da hain bisuala den zerbait hitzekin azaltzea; beraz, guztiak gonbidatzen ditut etorri eta zertan ari naizen bertatik bertara ezagutzera. Gustura azalduko dizkiet xehetasunak gerturatzen direnei".

Proiektua gorpuzteko, jaurlaritzaren babesa ez ezik, udalen laguntza ere jaso dutela nabarmendu du Landak. "Udalerriek artisten egoitza, materialak eta otorduak jarri dituzte, eta egitasmoa gauzatu ahal izateko beren laguntza behar-beharrezkoa izan da", esan du. Kultur Mahaiaren eta Kulturaz kooperatibaren laguntzaren garrantzia ere azpimarratu du hark. Era berean, Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko zinegotziak hitz egin du. "Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak oso garbi ikusi zuten egitasmo honetan parte hartu behar zutela. Batetik, sormena erdigunean jarrita ari garelako lanean herrian: Dinamoa sormen gunea martxan jartzen, sormen dinamika berriak sustatzen... Eta bide horretan, lankidetza erabat positiboa dela uste dugu. Bestetik, trena oinarri hartuta eraikitako proiektua delako Nomadak. Trenak balio izan du eta du bateko eta besteko pertsonak eta kulturak batzeko. Balio sinboliko handia du guretzat", zehaztu du. Era berean, nazioarteko artistak herrira etortzea eta beraien ikuspegia txertatzea "oso aberasgarria"  izango dela uste du.