Aholkularitza etxeei zuzenduta, merkataritza establezimenduen balorazioaz formazio saioa izango da hilaren 29an

Uztarria.eus 2019ko urr. 21a, 10:51

Merkataritza establezimenduen balorazioa izenburupean eskainiko dute ikastaroa Basazabal jauregian, 09:30etik 13:30era bitartean, eta saio horretan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Iraurgi Berritzenera deituta. Saioarekin aholkularitza etxeek bezeroengandik jaso dituzten eskualdatze interesak ezagutu nahi dituzte, baita eskualdatu nahi dituzten establezimenduen balorazioa egiteko pautak ezagutarazi ere.

Establezimenduen eskualdatzea lantzen hasi da Iraurgi Berritzen garapen agentzia, eta aholkularitza etxeei zuzendutako formazio saioa antolatu du hilaren 29rako. Merkataritza establezimenduen balorazioa izenburupean eskainiko dute ikastaroa Basazabal jauregian, 09:30etik 13:30era bitartean, eta saio horretan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Iraurgi Berritzenera deituta.

Saioaren helburuak hiru dira: batetik, eskualdeko merkataritza elkarteek eta Iraurgi Berritzenek lankidetzan egin duten lanaren berri ematea aholkularitza etxeei; bestetik, eskualdeko aholkularitza etxeek bezeroengandik jaso dituzten eskualdatze interesak eta beharrak ezagutzea, gara daitezkeen hobekuntzak identifikatzeko; eta gainera, PKF Attest etxeak eskualdatzeko interesa duten establezimenduen balorazio ekonomikoa nola egin aurkeztuko du.

Iraurgi Berritzenek hainbat lan lerro jarri ditu martxan establezimenduen eskualdatzea ardatz hartuta. GipuzLan-Eskualdatzea egitasmoa hiru jarduera zehatzetan ardaztuko dut Iraurgi Berritzenek eta Gipuzkoako Foru Alundiak: merkataritza establezimenduak, industria enpresa txikiak eta eraikuntzako gremioak. Lehenengo, establezimenduen gaia hasi dira jorratzen, azken urteetan errentagarriak izanagatik horietako askok itxi dituelako ateak. "Asko errelebo edo jarraipen faltagatik itxi dira, eta horrek eskualdeko herriguneetan, enpleguan nahiz ehun ekonomikoan eragin nabarmena du".

Egitasmoa martxan jartzearekin, merkaritza arloan jarri dituzte martxan lehen lan lerroak. Horren erakusle da Autonomoen erretiroa, Negozioen balorazioa eta eskualdatzea edo Berrikuntza diagnostikoak merkaritzan jardunaldiak egin dituzte azken hilabeteetan, Azkoitiko, Azpeitiko eta zestoako merkatari elkarteekin elkarlanean. Orain etorkizun hurbilean eskualdatzeko nahia izan dezaketen establezimenduak identifikatu nahi dituzte, eta prozesuan horien bidelagun izan nahi dute, ahal den kasuetan itxiera sahiesteko. Gainera, merkatari elkarteekin elkarlanean, eskualdatze gaia lantzeko lantalde zehatz bat sortu dute, gaiak datozen urteetan izan dezakeen garrantziaz jabetuta.