Emakume migranteen bizi baldintzak hobetzera eta zaintza sistema aldatzera dator Irauli Zaintza plataforma

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko urr. 18a, 18:37

Etxeko emakume langile egoiliarren egoera ikusita, Irauli Zaintza plataformako kideek uste dute herritarrak eta udalak direla aldaketa bultzatzen hasteko oinarria. Horregatik, beren xedea da herritarrak arazoaz kontzientziatzea, aktibatzea eta horiekin batera "behetik gorako" bidea egitea. Plataformako kideek hainbat eskaera egin diete Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako udalei. 

Irauli Zaintza plataforma aurkeztu dute Basazabal jauregian. (Maialen Etxaniz)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko, Zumaiako eta Zestoako adineko pertsona talde batek Irauli Zaintza plataforma sortu du, zaintzaren gaiari eusteko eta zaintza sisteman aldaketak proposatzeko. "Gure inguruan ikusten duguna gustatzen ez zaigulako eta onartu ezin dugulako sortu dugu Irauli Zaintza plataforma", azaldu dute. Baina, zer da inguruan ikusten duten eta atsegin ez duten hori?

Irauli Zaintza plataformako kideen aburuz, zaintza lanetaz arduratzen diren etxeko emakume egoliarrena "lan esklabua" da, "gaizki ordaindua, gutxietsia, udaleko, aldundietako eta gobernuetako agintariek ikusten ez dutena". Hori dela eta, zaintza sistema, eta, oro har, gizartea aldatzea beharrezkoa dela uste dute. "Zaintza sistema, neurri handi batean, kolektibo horretan eta baldintza horietan oinarritzen da. Zer esan dezakegu familia barruko arazo bati eta arazo sozial bati baldintza horietan heltzen dion gizarte bati buruz? Gutxienez, gaixorik dagoen gizartea dela eta duintasunik gabekoa". Horregatik, emakume langileekin lan egiteko prest agertu dira Irauli Zaintza plataformako kideak: "Ikusten duguna gustatzen ez zaigulako aurrera egitea erabaki dugu; emakume horiekin batera lan egitea. Alde batetik, elkartasunagatik, eta, bestetik, ulertzen dugulako arazoa ez dela emakume langileena bakarrik. Zaintza lanetaz arduratzen diren etxeko emakume langile egoiliarren arazoak ez dira konponduko baldin eta ez badiogu buelta ematen zaintza antolaketari eta finantzatzeko moduari".

Aldaketa, beharrezkoa

Emakume etorkinei harrera egiteko aterpea da Zestoako Malen Etxea, eta hango kideek "pozez" hartu dute Irauli Zaintza plataformaren sorrera; izan ere, Irauli Zaintzakoek bezala, Malen Etxeko lagunek uste dute zaintza arloan aldaketak emateko ezinbestekoa dela gizartea aldatzea. Miryan Lopezek bost urte daramatza Euskal Herrian etxeko langile egoliar gisa lanean, eta Malen Etxeko kidea da. Gaurko agerraldian hitza hartu du, bere esperientzia nahiz kideena gainerako herritarrekin elkarbanatzeko.

"Lan esklabu hau bukatu dadila eskatzen dugu. Gezurra da astean 40 ordu egiten ditugula lan, gehiago dira. Horregatik eskatzen dugu kontratu duin bat. Apenas dugu bizitza propiorik. Deskantsua nahi badugu bi ordu ditugu egunean, eta horiek gure oinarrizko beharrak asetzeko eta laneko egitekoak betetzeko erabiltzen ditugu, erosketak egiteko eta. Kontratuak betetzeko eskatzen dugu, baita lan egiten dugun lekuan erroldatzeko aukera izatea ere. Erroldatuta ez egoteak arazo eta zailtasun ugari ekartzen dizkigu; esaterako, erroldatuta ez bagaude ezin dugu Osakidetzara joan. Beldurrez isiltzen diren emakume horien izenean ere hitz egiten dut gaurkoan. Izan ere, asko dira zaintzen ditugun pertsonengandik nahiz haien familiengandik jasotzen ditugun hitzezko abusuak eta abusu psikologikoak, eta jendeak pentsatzen du hori hemen ez dela gertatzen. Baina bai, inguruko herri hauetan gertatzen da, esperientziaz diot. Zortzi orduko lanaldia eta soldata duin bat nahi dugu. Guretzat beharrezkoa da. Eta hori horrela izateko ezinbestekoa da jendearen mentalitatea aldatzea. Pertsonak gara, eta badirudi lan egitea dela gure delitua". 

Herritik eta erakundeen laguntzaz

Etxeko emakume langile egoiliarren egoera ikusita, Irauli Zaintza plataformako kideek uste dute herritarrak eta udalak direla aldaketa bultzatzen hasteko oinarria. Horregatik, beren xedea da herritarrak gaiaz kontzientziatzea, aktibatzea eta beraiekin batera "behetik gorako" bidea egitea.

Plataformako kideek soldatei nahiz lan jardunaldiei lotutako hainbat proposamen dituzte, eta oinarrizko eskaera horiek helarazi dizkiete Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako alkateei, "eztabaida plural bat irekitzeko lehen urrats gisa". 

Honako hauek dira Irauli Zaintza plataformaren proposamen zehatzak: 

  • "Gutxienez lanbide arteko gutxieneko soldata aplikatzea: 900 euro, astean 40 orduko 14 ordainsari eta 30 opor egun. 
  • Gauez laguntzea: gutxienez, 10 euro gaueko, betiere langilearen gaueko 10 orduko atsedenaldiarekin bateragarria bada. Gaueko arreta behar bada, nahitaez beste langile bat egon behar da. 
  • Ezin da erregimen berezian emakume langileak kontratatzen jarraitu. 
  • Erroldatzea. Langileak lan egiten duten etxeetan erroldatu behar dira.
  • Udalak nahitaez izan behar du herrian zerbitzuak ematen dituzten eta egoera administratibo irregularrean dauden langileen zerrenda. 
  • Udalek zerrenda hori bidaliko diote Eusko Jaurlaritzari errotze soziala ondorio guztietarako aitor dezan. 
  • Udalek bermatu behar dute egoera administratibo irregularrean dauden langileek zerbitzu guztiak berdintasunez eskuratu ahal izango dituztela.
  • Erakundeek laguntzak bermatu behar dizkiete egoera administratibo irregularrean dauden langileak dituzten eta udaletako zerrendetan dauden familiei.  
  • Etxeko arrera soziosanitarioko prestakuntzaren eta titulazioaren arloan, udalek premiaz bermatu behar dute langileen prestakuntza eta hori lortzeko dagokien laguntza eman; izan ere, lanean ari badira ez dute titulazioak lortzeko denborarik".  
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu