Kataluniari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute plazan

Uztarria.eus 2019ko urr. 18a, 15:22

Azpeitiko Udalak deituta Kataluniari babesa adierazteko elkarretaratzea izan da plazan gaur, ostirala, eta udaleko hainbat zinegotzi eta langile nahiz beste zenbait herritar izan dira bertan. Bestalde, gai horren harira, agerraldia egin du plazan Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatuak.

Gaur, ostirala, Azpeitiko Udalak deituta Kataluniari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute plazan udaleko hainbat zinegotzik, langilek eta beste hainbat herritarrek. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxealdira zigortu ditu 2017ko urriaren 1ean Katalunian independentziaren inguruko erreferenduma antolatu zuten buruzagi independentistak, eta haiei babesa adierazteko eta Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko egin dute elkarretatzea. Gai horren harira, udalak adierazpen bat helarazi zuen joan den asteazkenean bando bidez.

Mertxe Aizpurua, Azpeitian

Bestalde, agerraldia egin du Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatuak Azpeitian. Aizpuruak bertan adierazi duenez, EH Bilduk bat egiten du Auzitegi Gorenak emandako epaiaren aurka eta eta Kataluniako buruzagi independentisten alde Euskal Herrian egiten ari diren mobilizazioekin eta ekimenekin. Diputatuak nabarmendu du EH Bilduk alkatetza duen herrietan preso katalanen askatasuna aldarrikatzeko xingola horiak eta banderolak jartzen ari direla udaletxeetan. Aizpuruak azaldu duenez, Auzitegi Gorenaren sententziak "agerian" uzten du Espainiako estatuaren izaera, baita hark hartu duen "inboluzio antidemokratikorako bidea" ere.

Bestalde, diputatuak adierazi du Espainiako alderdi handiek estatu gaietan elkarrekin aritzea erabaki dutela, eta "indar subiranistek" ere gauza bera egin behar dutela: "Subiranistok indarrak batzeko eta norabide bera hartzeko ordua da, EH Bilduk eta ERCk egin dugun bezala. Elkarrekin arituta indartsuagoak garelako eta gehiago garelako. Soilik modu horretan aurre egin ahal izango diegu inboluzio antidemokratikoaren bidea hartu duen Estatuari eta Espainiako alderdi handiei" azaldu du. Horrez gain, bihar, zapatua, Gure Eskuk deituta Askatasuna. Konponbide politikoaren alde Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin die herritarrei.