Enpresa arloko eta giza baliabideen inguruko lau ikastaro eskainiko dituzte Basazabalen abendura bitartean

Uztarria.eus 2019ko urr. 17a, 14:35
Basazabalen egindako formazio saio bateko irudia.

Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak antolatu dituzte ikastaroak, eta izen-ematea zabalik dago jada. Honako hauek dira antolatutako ikastaroak: Adimen emozionala enpresara aplikatuta: lidergoa eta taldeen kudeaketa, Enpresen lege arloak. Oinarrizko esparru juridikoa, Giza baliabideak erakundeetako pertsonen zuzendaritza eta Administrazio publikoarekiko harremanakIkastaro guztiak ostiraletan eskainiko dituzte, 09:00etatik 14:00etara. 

Azpeitiko Udalak Deustoko Unibertsitatearekin formazioa eskaintzeko duen hitzarmenaren harira, lau ikastaro antolatu dituzte abendura bitarterako. Dagoeneko hainbat ikastaro ari dira eskaintzen Basazabal formazio zentroan, eta orain beste lau ikastaro antolatu dituzte, enpresa arloari eta giza baliabideei lotutakoak. Honako hauek dira antolatutako lau ikastaroak: Adimen emozionala enpresara aplikatuta: lidergoa eta taldeen kudeaketa, Enpresen lege arloak: oinarrizko esparru juridikoaGiza baliabideak erakundeetako pertsonen zuzendaritza eta Administrazio publikoarekiko harremanak. Ikastaroetako eskolak ostiraletan eskaniko dituzte, 09:00etatik 14:00etara. 

Ikastaroen inguruko xehetasunak

Adimen emozionala enpresara aplikatuta: lidergoa eta taldeen kudeaketa ikastaroa urriaren 25ean, ostiralez, eskainiko dute. "Liderra lantaldeko emozioen birmoldatzailea izan behar da printzipioz. Liderrak taldeko kideen emozioak irakurtzen eta aprobetxatzen jakin behar du, laneko giro egokiagoa sortzeko. Bilerak, talde-lana eta gatazken kudeaketa egoki kudeatzeko arauak ere ezarriko dira", azaldu dute antolatzaileek. 

Enpresen lege arloak: oinarrizko esparru juridikoa ikastaroa azaroareb 8an eta 15ean eskainiko dute. Antolatzaileek horrela azaldu dituzte ikastaroaren nondik norakoak: "Negozio guztiak daude esparru juridiko bati lotuta. Esparru hori ondo ulertu eta zuzen aplikatu behar da, eta ezagutu egin behar dira esparru horretan hartzen diren erabakien zer ondorio dakarten. Edozein enpresa erakundek duen betebehar juridikoa aztertuko da".

Giza baliabideak erakundeetako pertsonen zuzendaritza ikastaroa azaroak 22an eta 29an eskainiko dute. "Tituludunek gai izan behar dute giza baliabideetako politikak diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko, ikuspegi estrategiko eta oso batetik, egoera bakoitzerako egokienak diren tresnak aukeratuz eta aplikatuz. Lan harremanei eragiten dien inguru juridikoa ere ezagutu beharko dute", azaldu dute antolatzaileek. 

Administrazio publikoarekiko harremanak ikastaroa, aldiz, abenduaren 13an eskainiko dute, ostiralez, 09:00etatik 14:00etara. Aurreratu dutenez, saioan "enpresa eta administrazio publikoen arteko harremanen esparruan ezarrita dauden mekanismo nagusiak aztertuko dira, Kontratu Publikoen Legeari eta enpresaren esparruko dirulaguntzen oinarrizko arauei dagokienez".

Izen-ematea zabalik 

Ikastaro guztiak Basazabal jauregian eskainiko dituzte, eta interesatuek bertara jo beharko dute izena emateko. Formazio zentrora bertaratuta, formazioabasazabal@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688-845 118 telefonora deituta egin daiteke izen-ematea.

Ikastaro bakoitzaren prezioa 6,75 euro izango da Azpeitian erroldatuentzat eta 8,10 euro gainerakoentzat.