Azpeititik Madrilera, pentsio duinak aldarrikatzera

Uztarria.eus 2019ko urr. 16a, 20:18

Pentsiodunak ez daude amore emateko prest, eta ez daude geldirik. Pentsio duinen aldeko borrak ez du etenik, eta ez dirudi pentsiodunen ahotsa isiltzea lortuko dutenik. Gaur, asteazkena, Madrilen elkartu dira Euskal Herriko eta Espainiako hainbat txokotako milaka lagun, pentsiodunak aspaldian lau haizetara zabaltzen dabiltzan aldarria gizarteratzeko eta jarduneko Espainiako Gobernuari pentsio duinak bermatzeko neurriak har ditzan eskatzeko. Azpeitiko pentsiodunen plataformako kideak ere Madrilen izan dira beren aldarria lau haizetara zabaltzen. (Argazkia: Maite Garmendia)

Azpeitiko pentsiodunak goizean goiz abiatu dira Madrilera, autobusez. "Azpeititik zazpi lagun etorri gara, Zestoatik hiru eta Zumaiatik hemezortzi. Ondoren, Arrasateko lagunekin elkartu gara, eta denok batera egin dugu bidaia. Autobusa ia goraino bete da azkenean", kontatu du Maite Garmendia azpeitiarrak. Pentsiodunek Madrilgo Sol plazan zuten jarrita hitzordua, eta han elkartu dira denak ondoren mobilizazioa egiteko. "Iritsi garenerako jendetza zegoen Sol plazan. Mota askotako pankartak eta kartelak ikus zitezkeen. Guk ez dugu pankartarik eman, baina Zumaiako lagunek bai, eta haren atzean jarri gara geu ere". Sol plazan elkartu diren milaka lagunek manifestazioa egin dute Espainiako Kongresuraino, baina ezin izan dute atarira iritsi, poliziak eraikina dagoen kalea itxi baitu. Mobilizazioa amaitzean, eskualdetik Madrilera joan diren lagunak beste hainbat herrietako pentsiodunekin aritu dira solasean, esperientziak partekatzen eta. Horrela kontatu du Garmendiak: "Bazkaltzen ari ginela, Mostolesko (Madril, Espainia) kide batzuk hurbildu zaizkigu. Ikurrinak ikusita, hizketan hasi zaizkigu: 'Zuek euskaldunok badakizue bai zer den borrokan ibiltzea, lezio ugari eman dizkiguzue' esan digute. Euskal Herrian egin diren mobilizazioen berri izan dute antza, eta badirudi han ez dagoela hemen bezalako borroka mugimendurik, eta inbidia pixka bat sentitzen dutela dirudi". 

Ordu luzeko bidaia egin ostean, herrira bueltan dira jada Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako pentsiodunak, eta nekeak neke, borrokan jarraitzeko prest daude. 

(Argazkia: Maite Garmendia)