2020ko udal tasak eta zergak %1,2 igoko dituzte

Uztarria.eus 2019ko urr. 16a, 14:33
Aho batez onartu zituzten atzoko udalbatzarrean ordenantza fiskalak.

2020rako ordenantza fiskalen proposamena onartu du udalak, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. KPIaren azken urteko datuak erreferentzia gisa hartuta, udal tasak eta zergak %1,2 igoko dituzte. Gainera, lehengo hobariak mantendu eta berri batzuk ezarriko dituzte.

Ezohiko udalbatzarra egin zuten atzo Azpeitian, eta Espainiako Kongresurako nahiz Senaturako hauteskundeetarako mahaietako ordezkarien zozketa egiteaz gain, 2020rako ordenantza fiskalak izan zituzten hizpide udal ordezkariek. EH Bilduren Udal Gobernuak udal zergak eta tasak %1,2 igotzea proposatu zuen, KPIaren azken urteko datuak erreferentzia gisa hartuta. Horrez gain, aurreko agintaldiko hobariak mantendu eta hobari berri batzuk ezartzea ere proposatu zuen. EAJren aldeko botoekin, aho batez onartu zuten proposamena.

Udal Gobernuak proposamena osatzearekoan bi irizpide jarraitu ditu. Batetik, "zuhurtzia" izan dute lehentasun, Leire Goenaga zinegotziak azaldu zuenez. "Izan ere, zuzeneko zergak biltzearen helburu nagusia da gastu publikoa finatziatzea. Gure helburua eta betebeharra da herritarrei ahalik eta zerbitzu publiko kalitatezkoena eskaintzea, eta horretan jarraitu nahiko genuke". Bestetik, zergen aplikazioa progresiboa izan dadin hartu dituzte neurriak. "Errenta edo diru-sarrera altuagoak dituztenei oinarri edo tipo handiagoak aplikatuko dizkiegu. Zerga aplikazio progresioboarekin, eros-ahalmen txikiena duten herritarrei erraztasunak emango dizkiegu". Hori bermatzeko, diru sarreren arabera aplikatzen diren hainbat hobari izango dute herritarrek. Orain arteko hobariak bere horretan mantendu eta berri batzuk gehituko dituzte, batez ere, energia berriztagarriak bultzatzeko eta ibilgailuen isurketak gutxitzeko helburuarekin.

Hobari berriak

Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren kasuan, %50eko hobaria aplikatuko dute eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistema termikoak edo elektrikoak jartzen dituzten etxebizitzetan. Gainera, trakzio mekanikodun ibilgailuen zergan aldaketa bat izango da: orain arte, 25 urteko antzinatasuna zuten ibilgailuek hobaria zuten, eta aurrerantzean, 30 urtetik gorakoek izango dute %100eko hobaria. Era berean, ibilgailu elektrikoek %90eko hobaria izango dute –lehen %50eko hobaria zuten–, eta auto hibridoek %50ekoa. "Auto elektrikoak edo hibridoak erosterakoan, herritarrei erraztasunak ematea nahi dugu; herritarrak animatu nahi ditugu ezaugarri horiek dituzten ibilgailuak erostera", esan zuen Goenagak.

Tasa eta prezio publikoak ere %1,2an eguneratuko dituzte, salbuespen batzuk kenduta; etxez etxeko zerbitzuarena, esaterako. Udal hilerriko zerbitzuak ere berritu egingo dituzte: orain arte, familia unitateko urteko tarifa bat oraindu izan da, eta tarifa hori kendu egingo dute. Aurrerantzean erabiliko duten irizpidea honako hau izango da: jasotzen diren zerbitzuengatik ordaindu beharko dituzte tarifak herritarrek; adibidez, lurperatzea, garbiketa, lagapenak... Horrez gain, ezkontza espedienteak tramitatzeagatik tarifa berri bat ezarriko dute. Gainera, udal igerilekuan lehen dauden hobariak mantendu eta hobari berri bat ezarriko dute: orain arte, langabetuek %35eko hobaria zuten, eta hori mantendu egingo dute; gainera, lanbide arteko oinarrizko soldata baino errenta baxuagoa duten bazkideei kuotan %35eko hobaria aplikatuko diete.