Ikusmina, Urrakiko XXXVII. Igoeraren atarian

Uztarria.eus 2019ko urr. 16a, 12:27
Atzo aurkeztu zuten Urrakiko Igoeraren XXXVII. edizioa.

Igandean izango da proba, eta guztira, 54 gidarik parte hartuko dute. Gainera, Azpeitikoa izango da Gipuzkoako eta Euskal Herriko Mendiko Txapelketarako azken proba puntuagarria. Eskualdeko hainbat gidarik parte hartuko dute igandean 10:00etan hasiko den proban.

Iaz baino gidari gutxiago izanagatik –75 izan ziren joan zen urtean–, Urrakiko Igoeraren XXXVII. edizio interesgarria aurreikusten du Lagun Artea eskuderiak. Igandean izango da proba, eta guztira, 54 gidarik parte hartuko dute bertan. Gainera, Azpeitikoa izango da Gipuzkoako eta Euskal Herriko Mendiko Txapelketarako azken proba puntuagarria. Aitor Zabaletak (Lola T298) dagoeneko irabazi du txapelketa hori, baina hamaseigarrenez Urrakiko Igoera irabazten saiatuko da igandean. Besteak beste, Asier Bidaburu (Dallara 398) eta Angela Vilariño (Norma M20F) Azpeitian izango dira monoplazetan lehiatzen.

Turismoen kategoriari dagokionez, txapela lortzeko aukera duten pilotu ugari nabarmendu dituzte Lagun-Arteako kideek. Bruno Scherer (Porsche 911 GT3) eta Joseba Iraola (Porsche 911 GT3) ez ezik, Iñaki Alberdi (Porsche 911 GT3) , Iñaki Aiertza (Mitsubishi EVO IX) eta Iokin Agirre (BMW M3) azpeitiarra, Iosu Beitia (Speedcar GT 1000) azkoitiarra eta Gurutz Agirretxe (BMW M3) errezildarra ere ariko dira proba irabazteko lehian. Beste hainbat eskualdeko gidari ere izango da proban.

Igoera igandean izango da, baina ohiko moduan, komisarioek zapatuan egingo dituzte egiaztatze administratiboak eta teknikoak, epaitegiaren aurreko aparkalekuan, 15:00ean ihasita. Igandean, berriz, 10:00etan ekingo diote entrenamendu saioari, eta horren atzetik egingo dituzte bi manga puntuagarriak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Urraki mendatea igandeko 09:00ak aldera itxiko dute autoentzat.

Segurtasun neurrien garrantzia

Proba ikustera bertaratuko diren zaletu guztiei gogorarazi diete antolatzaileek "erabat debekatuta" dagoela ibilibidean aparkatzea. Horrez gain, proba ikusteko leku garai eta seguruan jartzea komeni dela esan dute, komisarioek emandako jarraibideak beteta eta debekatuta dauden guneak errespetatut; gune horiek plastikozko zinta gorriz adierazita egon ohi dira. Horrez gain, hondakinak bertan ez uzteko eskatu dute, zaborrik ez dadin pilatu inguruetan.