Martxan da Urkome sarien VI. edizioa

Uztarria.eus 2019ko urr. 16a, 12:03
Urkome sarien VI. edizioaren aurkezpeneko irudia.

Landa eremuan egiten diren ekimen eta jarduera berritzaileak sustatzea da sariketaren xedea. Sei sari banatuko dituzte, eta atal bakoitzeko proiektu sarituaren egileek 2.000 euro jasoko dituzte. Aurten, gainera, sari berri bat ere izango da: landa eremuko emakume ekintzailearen saria. Urola Kostan garatzen ari diren edo garatuko dituzten proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte herritarrek sariketara, urriaren 21etik azaroaren 21era bitartean.

Urkome sarien VI. edizioa martxan da dagoeneko; izan ere, atzo aurkeztu zuten Urola Kostako landa eremuan egiten diren egitasmo nahiz jarduera berritzaileak sustatzeko sarien deialdia, Azkoitian. Bi urtez behin antolatzen dute sariketa, eta egitasmoaren helburu nagusia da landa eremuan ekintzailetasuna areagotzea eta gune horietan sortzen diren proiektuak ezagutaraztea zein bultzatzea. Atzoko aurkezpenean izan ziren Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzen garapen agentziako zuzendaria, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Iñaki Ostolaza eta Nekane Arrizabalaga Urkomeko ordezkariak eta Miguel Lozano Hazi Fundazioko teknikaria.

2019 eta 2020 urteetan Urola Kostan garatzen ari diren edo amaituko diren proiektuak nahiz ideiak aurkeztu ahal izango dituzte herritarrek sariketara. Erakundeek, elkarteek, norbanakoek eta sektoreko enpresek parte hartu ahalko dute deialdian, eta horiek urriaren 21etik azaroaren 21era arte izango dute lanak aurkezteko aukera; parte-hartzaileek Urkomeren bulegoan aurkeztu beharko dituzte proiektuak, egitasmoa aurkezten duen edo duten kideen datuak eta proiektuaren gaineko informazioa zehaztuta. Honako lotura honetan ikus daiteke proiektua aurkezteko eredua.

Urkome sarien seigarren edizioko sariei dagokienez, berrikuntza bat izango da. Izan ere, lehen aldiz landa eremuko emakume ekintzailearen saria emango dute. Gainontzeko bost sariak honako hauek izango dira: nekazaritza jardueraren sustapenarena, landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapenarena, landa eremuetako azpiegiturak eta zerbitzuak bermatzeko saria, landa eremuko balioaniztasuna agerian jartzen duen saria eta Iraurgi Berritzenek zein Urola Kostako Udal Elkarteak emango duten saria. Atal bakoitzean 2.000 euroko sariak banatzea aurreikusten dute Urkome sarien sustatzaileek. Horrez gain, partaidetza areagotzeko xedearekin, boto bidezko saria ere izango da aurtengoan. Azken sari horretarako, 300 karaktereko aurkezpen-laburpena aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzaren sustatzaileek, eta azaroaren 29tik sari-banaketa ekitaldiaren egunera bitartean –abenduak 5– izango dute herritarrek proiektu horiei botoa emateko aukera Urkomeren webgunean. Sari horren irabazleak eskualdeko askotariko produktu sorta bat eskuratuko du.

Sariketaren epaimahaia honako erakunde hauetako ordezkariek osatuko dute: Eusko Jaurlaritza, Iraurgi Berritzen, Hazi Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Urola Kostako Udal Elkartea eta Urkomeko Zuzendaritza Batzordea. Epaimahai horrek atal bakoitzerako saria nola banatu erabakitzeko eskumena izango du, eta sariak eman gabe ere utz ditzazke proiektu egokirik ez dagoela erabakitzen badu. Urkomeren webgunean argitaratuko dituzte sarituen izenak, eta sari banaketa Zarautzen, Urola Kostako Udalen Elkartearen eraikinean, izango da abenduaren 5ean. Proiektuak baloratzerakoan ideia eta proiektu berritzaileak  hartuko dituzte aintzat epaimahaiko kideek. Horrez gain, biderragarritasun ekonomikoa landuta duten lanak, enplegua sustatzen dutenak, berdintasuna sustatzen dutenak nahiz gazteen ideiak are gehiago baloratuko dituzte.

Landa eremuaren pizgarri

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Iraurgi Berritzeneko presidenteak azaldu duenez, Urkome sariak urtez urte "indarra hartzen" ari dira, eta berrikuntzaren eta ekintzailetasunaren garrantzia azpimarratu du hark. Zubizarretak landa eremutik bizitzeko dauden "zailtasunak" izan ditu hizpide aurkezpenean, baina sariketak "bestelako aurpegi bat" erakusten duela azaldu du. Nekane Arrizabalaga Urkomeko ordezkariak landa eremuko emakumeak izan ditu gogoan agerraldian, atzo Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko eguna baitzen. Iñaki Ostolazak, berriz, sariketan parte hartzen duten eragileei eskerrak eman dizkie, eta herritarrak sariketan parte hartzera animatu ditu. Hazi Fundazioko teknikari Miguel Lozanok, berriz, halako sariketek "landa eremuan eta ekintzailetasunean duten garrantzia" azpimarratu du; hark dioenez, halako deialdiek jendeak landa eremua "aukera moduan" ikus dezan balio dutela nabarmendu du.