Kataluniako presoei elkartasuna erakutsi eta erreferenduma ez dela delitua adierazi dute dozenaka azpeitiarrek

Uztarria.eus 2019ko urr. 14a, 21:41

Elkarretaratze jendetsua egin dute arratsean Azpeitiko plazan, Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako bederatzi buruzagi independentistari ezarritako kartzela zigorrak salatzeko eta haiekiko eta Kataluniarekiko elkartasuna adierazteko. Dozenaka lagunek egin du bat Azpeitiko Gure Eskuren deialdiarekin; elkarretaratzera batzeko deia luzatu dute Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko EH Bilduk, eta Azpeitiko EAJren ordezkaritza ere zabala izan da plazan. Ikurrina eta estelada ugari ikusi dira kontzentrazioan parte hartu dutenen eskuetan, baita aurre-aurrean jarri duten Erreferenduma ez da delitua leloa zuen pankartaren bi aldeetan ere.

Bukaeran, gaur ezagutu den epaiaren "bidegabekeria" eta "izaera politikoa" nabarmendu dituzte, besteak beste, elkarretaratzearen deitzaileek. Kataluniako presoak eta haien gertukoak ez ezik, Altsasukoak eta haien etxekoak ere gogora ekarri dituzte, eta zapatuan, hilak 19, "Donostiako kaleak betetzera" gonbidatu dituzte herritarrak, egun horretarako deituta dagoen manifestazioan parte hartuz. Plaza hustu aurretik, Kantu Jira taldekoek Agure zaharra kantatu dute, Lluis Llachen L'Estacaren euskarazko bertsioa, eta txalo artean hartu dute abestia plazan elkartutakoek.