Garaipena garaipenaren gainean

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko urr. 15a, 08:22

Zilarrezko LEB Ligako sailkapenaren buruan segitzen du Juaristi ISB, denboraldia hasi zenetik partida denak irabazita. Igandean Azkoitian jokatu zuen ISBko gizonen lehen taldeak ligako bosgarren neurketa: 78 eta 70 nagusitu zen Basket Navarra taldearen kontra.

Juaristi ISB taldea joan zen ostiraleko aurkezpenean.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Zilarrezko LEB Ligako sailkapenaren buruan segitzen du Juaristi ISBk. Denboraldia hasi zutenetik, garaipenak baino ez ditu erdietsi taldeak, eta bostetik bost partida irabazita, sailkapeneko lehenengo postuan da Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldea. Hamar puntu ditu Juaristi ISBk, eta bigarrenak, Burgosko Ubu Tizona taldeak, bederatzi.

Igandean jokatu zuen Juaristi ISBk denboraldiko bosgarren norgehiagoka Azkoitiko kiroldegian, eta beste garaipen bat eskuratu zuen. Hain zuzen ere, Basket Navarra taldearen kontra neurtu zituen indarrak, eta 78 eta 70 nagusitu zen Azpeiti-Azkoitiko taldea. Lehen laurdena, ISB markagailuan atzetik zela bukatu zen (16 eta 23), baita bigarrena ere (33 eta 39). Dena den, hirugarren laurdenean erreakzionatu zuen Jimenezen taldeak, eta partidaren kontrola hartzen hasi zen. Hirugarren laurdenean 53 eta 47 irauli zuen markagailua ISBk, eta laugarrenean ere ildo beretik segitu zuen: zortzi punturekin aldearekin irabazi zuen neurketa Juaristi ISBk.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu