Sentsibilizazioa helburu, kalean da 'Luan, autismoa duen haur berezia' liburua

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko urr. 15a, 10:19

Hilabete luzeko lanaren ostean, kalean da Louise Desiree Florindok idatzitako Luan, autismoa duen haur berezia liburua. Joan zen larunbatean egin zuten aurkezpena Sanagustin kulturgunean, Marea Urdinak antolatutako sentsibilizazio asteburuaren barruan. Aurkezpenean izan ziren liburuaren idazlea –Louise Desiree Florindo– nahiz Marea Urdinako kide Gorka Aranbarri eta Inma Urteaga, eta jende ugari bertaratu zen Sanagustinera haien azalpenak entzutera. Florindok Luan, autismoa duen haur berezia liburuaren nondik norakoak aletu zizkien kulturgunera bertaratutako lagunei, eta haien galderei erantzuteko prest ere agertu zen.

Idazlea bera da liburuko protagonista den Luan haurraren ama, eta bere esperientzia ardatz hartuta idatzi du autismoaz plazaratu berri duen lana. Hori dela eta, piktogramak erabiliz egin zuen liburuaren aurkezpena. Luan, autismoa duen haur berezia izeneko lanak bi atal ditu: ipuina eta unitate didaktikoa. Bigarren zati horretan, autismoa duten haurrekin komunikatzeko estrategiak edo moduak lantzen dira, eta horien inguruan mintzatu zen Florindo zapatuan egindako agerraldian. Liburuaren lehen 50 aleak herriko hainbat lekutan irakurtzeko aukera izango da, hala nola ludoteketan, ikastetxeetan, liburutegian... Salgai ere jarri dute liburua, eta Interneten dago eskuragarri, hamabi eurotan. 

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu