Ignacio Arakistainek eta Peio Irigoienek organoa eta txistua uztartu dituzte Loiolan

Uztarria.eus 2019ko urr. 14a, 14:27

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XX. Zikloak Azpeitian aurten izango dituen hiru hitzorduetatik bigarrena bete zuen atzo. Ignacio Arakistain etxeko organo-jotzaile gaztearen txanda izan zen Loiolako basilikan, baina azpeitiarra ez zen izan kontzertuaren protagonista bakarra: Peio Irigoien txistulariarekin batera eman zuen kontzertua Arakistainek. Organoa eta txistua ez ezik, estilo eta garai ezberdinetako egileen piezak ere uztartu zituzten errepertorioan bi musikariek; horrela, Garbizuren, Hotteterren, Schumannen, Cuestaren eta Hakimen musika entzuteko parada izan zuten basilikan elkartutako zaletuek.

Joan den igandean Willibald Guggenmos organistak eman zuen aurtengo zikloaren Azpeitiko aurreneko kontzertua Loiolan. Datorren astean, berriz, Oscar Candedo organistaren eta Easo Araoz Gazte abesbatzaren kontzertua entzuteko aukera izango da, hirugarren eta azken igandez, 20:00etan.

Arakistainek, berriz, bihar bertan emango du beste kontzertu bat. Donostiako udaletxeko areto nagusian izango da, 19:30ean hasita, eta Garazi Navas akordeoi-jotzailearekin batera ariko da organista azpeitiarra. Gipuzkoako Ateneoak antolatu du kontzertu hori.

(Argazkia: Urtzi Oteiza)