Entzierroarekin eta zezen bolaztatuekin bukatu dute Zezen Beltz asteburua

Uztarria.eus 2019ko urr. 13a, 23:00

Bukatu dira Azpeitiko Zezen Beltz XI. asteburuko ekitaldiak. Gaur arratsaldean izan dira azken bi saioak: helduen entzierroa eta zezen bolaztatuak. Gaur ere jende asko ibili da Zezen Beltz elkarteak antolatutako ekitaldietan. Goizean haurrentzako sokamutur txikia izan da, eta arratsaldean, berriz, helduei zuzendutako bi saio izan dira. 17:20 inguruan hasita entzierroa egin dute Artzubitik herriko plazara eta buelta, hiru alditan egin dute joan-etorria. Entzierroa bukatutakoan, berriz, zezen bolaztatuak izan dira Artzubian. Kale horretako hesiak jendez inguratuta egon dira erabat. Beraz, atzoko Grand Prix solidarioa bezala, gaurko ekitaldiak ere jende askokoak izan dira.