Goikoetxea V.a eta Ion, lehen finalistak

Uztarria.eus 2019ko urr. 14a, 12:14
Joan zen asteko erremonte partidetako irudia.

Goikoetxea V.ak eta Ionek aise irabazi zuten Segurola eta Arruarteren kontrako norgehiagoka ostiralean; 19 eta 40 nagusitu ziren. Oraindik erabakitzeko dago A taldeko bikote finalista. Ostiralean izango dira txapelketako ligaxkako azken partidak. Finala, berriz, urriaren 27an.

Goikoetxea V.a eta Ion dira XX. Erremonte Txapelketako lehen finalistak. Izan ere, joan zen ostiralean aise irabazi zuten Segurola eta Arruarteren kontrako norgehiagoka; 19 eta 40 nagusitu ziren Izarraitz pilotalekuan jokatutako partidan. B taldeko bikotea da Goikoetxea V.k eta Ionek osatutakoa, eta beraz, erabakita dago talde horretako finalista zein den. Hala ere, bigarren eta hirugarren postuak zehazteko daude. Ostiralean zehaztuko dira horiek, Juaneneak eta Zubirik Segurolaren eta Azpirozen kontra jokatuko duten partidan.

Oraindik erabakitzeko dago A taldeko bikote finalista. Ostiralean Matxin III.ak eta Larrañagak 40 eta 29 irabazi zuten Beñaten eta Endikaren kontrako partida. Hori horrela izanik, azken partida datorren ostiralean jokatuko dute Ansa II.ak eta Labakak Beñaten eta Endikaren aurka: Ansak eta Labakak 35 tanto behar dituzte finalera sailkatzeko. Aldiz, Beñatek eta Endikak 25ean utzi beharko dituzte aurkariak finalera sailkatu ahal izateko. Matxinek eta Larrañagak aukera bakarra dute finalera sartzeko: Ansak eta Labakak 25 eta 35 tanto artean egitea.

Ostiralean bi partida izango dira Izarraitz frontoian, eta orduan erabakiko da urriaren 25eko finala.