Preso katalanen aurkako epaia salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur

Uztarria.eus 2019ko urr. 14a, 12:12

Espainiako Auzitegi Gorenak espetxe zigorra ezarri die bederatzi buruzagi independentista katalani, eta epai hori salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etan, plazan. Azpeitiko Gure Eskuk deitu du protestara.

Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamairu urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik epaitu dituen bederatzi buruzagi independentistari, sedizioa leporatuta. Behin-behinean espetxean zeudenak dira kartzelara zigortu dituenak: Oriol Junqueras, Raul Romeva, Joaquin Forn, Jordi Turull, Jordi Rull, Dolors Bassa, Carme Forcadell, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart. Beste hiru –Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras– berriz, desobedientziagatik zigortu dituzte, eta beraz ez dira espetxera joango. Preso katalanen aurkako epaia salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur, Azpeitiko Gure Eskuk deituta. 19:00etan jarri dute hitzordua, plazan. 

"Espainiako Auzitegiek autodeterminazio eskubidea kriminalizatu dute neurriz kanpoko sententzia baten bidez. Ariketa demokratiko eta parte hartzailea bultzatu zuten politikari katalanak gogor zigortu dituzte, bidegabe. Gaur katalanen erabakitzeko eskubidea ez ezik, baita euskaldunona ere kriminalizatu dute. Horregatik, eta Kataluniari beste behin gure elkartasuna adierazteko, azpeitiar guztiak gonbidatzen ditugu gaurko protestara. Erreferenduma ez da delitua", azaldu du Gure Eskuk.