Mikel Larrañaga, urrezkoetan urrezko

Uztarria.eus 2019ko urr. 12a, 17:26

Mikel Larrañagak txapel berri bat gehitu dio gaur bere palmaresari. Azpeitiarrak Urrezko Aizkolarien Liga irabazi du, eguerdian Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatutako finalean Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Ruben Saralegi errazkindarra gaindituta. Finalean, sailkapen fasean erakutsitako nagusitasuna berrestea lortu txapeldunak, gaurko bi aurkarien kontrako buruz buruko saioetan ere bera gailendu baitzen. Iaz Iker Vicenteren atzetik bigarren sailkatu ondoren, lehen aldiz irabazi du liga Larrañaga.

45 ontzako enborra ahalik eta kolpe gutxien jota moztea, kanaerdiko bat ahalik eta azkarren ebakitzea, 45 ontzako beste enbor bat zutika moztea, oinbiko enbor bat moztea eta, bukatzeko, 60 ontzako sei enbor ebakitzea. Horiek izan dira, hurrenez hurren, hiru finalistek bete behar izan dituzten lanak. Hasierako lan labur eta azkarretan atzetik ibili ondoren, oinbikoa ebakitzen jan die Larrañagak bi aurkariei ordura arte ateratzen zioten abantaila, eta amaierako lan luzean areagotu egin du aldea, emozioari tarte txikia eskainiz. 28 minutu eta 58 segundotan osatu ditu lan guztiak azpeitiarrak; Txikia IV.a izan da bigarrena (32'02''), eta Saralegi hirugarrena.

Bi marka Udane Ostolazarentzat

Emakume harri-jasotzaileek ere eskaini dute ikuskizuna gaur Urrestillako herri kirol jaialdian. Udane Ostolazaren lana izan da aipagarriena. 14 urteko oriotarrak, Josebaren alaba eta Agustinen biloba, bi marka pertsonal ezarri ditu gaurko saioan: bi aldiz altxatu du 63 kiloko kubikoa bost aldiz berdindu du 50 kiloko bola.

Karmele Gisasola Zelai III.a eta Virginia Finol, berriz, norgehiagoka aritu dira bi saiotan, 88 kiloko zilindroarekin aurrena eta 63 kiloko bolarekin gero. Bietan Zelai III.ari egokitu zaio lanak lehendabizi egitea, eta bietan nahikoa eroso gailendu zaio bigarren tokian aritu den Finol.