Talde guztiak aurkeztu ondoren, Garagardo Azoka zabaldu du Iraurgi SBk

Uztarria.eus 2019ko urr. 11a, 23:53

Iraurgi saskibaloi elkarteak denboraldi berriko eta teknifikazio eskolako 30 taldeak aurkeztu ditu gaur Azpeitiko plazan. Añares ISB emakumeen talde nagusia ez -taldea Galiziarako bidean zelako- beste talde guztiak igo dira plazako kiosko gainera. Segidan, Garagardoaren XI. Azoka irekitzeko ekitaldia egin dute Azoka Plazan. Aurten, Lagun Onak futbol taldeak izan du azoka inauguratzeko ardura, Iraurgik oroigarri bat eman dio Iñigo Arregi Lagun Onakeko lehendakariari, eta honek bueltan futbol klubaren 75. urtemugako banderatxoa eta lepokoa oparitu dizkio Maier Lizaso Iraurgi SBko presidenteari. Gero, garagardo banarekin topa egin eta garagardo azoka irekita gelditu da. Gaur eta bihar eta urriaren 18an eta 19an izango da irekita Azoka Plazan muntatu duten azoka. Egun horietan guztietan ordutegi bera du: 20:00etatik 02:00etara egongo da zabalik.