Basazabalen erakusketa irekita hasi dute X. Tuba Jaialdia

Uztarria.eus 2019ko urr. 11a, 20:52

Martxan da X. Tuba Jaialdia. Gaurtik igande eguerdira arte hainbat hitzordu eskainiko ditu Azpeitiko Metal Boskoteak antolatutako jaialdiak, herritar guztientzat irekitakoak batzuk, eta tuba eta bonbardino jotzaileentzat espreski pentsatutakoak beste batzuk. Batzuentzat zein besteentzat eskura izango denetako bat da gaur arratsaldean Basazabal jauregian ireki duten erakusketa. Oscar Abellak tubaren historiaren gainean bere blogean jasotakoak paneletan jarri dituzte Basazabalen. Horrekin batera, Abellak berak duen instrumentu zaharren bildumako ale batzuk ekarri ditu Azpeitira; horien gaineko azalpenak emanez era bakoitzarekin pieza laburrak joz estreinatu du gaur erakusketa. Igandera arte izango da hura ikusteko aukera.