Lapatxen, organikorik ere ez

Uztarria.eus 2019ko urr. 11a, 13:30

Urola Erdiko Mankomunitateko organikoen kudeaketa garestituko du Lapatxeko konpostatze planta ixteak, Azpeititik Elgoibarrera garraiatzeak dituen kostuengatik. Aitor Bereziartuarekin eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarekin hitz egin ostean 'Gipuzkoako Hitza'-k osatutako erreportajea da honakoa.

Hiri hondakinen kudeaketa jada ez da arazo Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Urtea bukatzerako martxan izango dira Zubietako azpiegitura guztiak: TMB hondakinen tratamendu mekaniko-biologikoko planta, erraustegia, biometanizazio planta eta zepak tratatzeko planta. Gipuzkoarrek sortzen duten hondakin guztiari aterabidea emateko makineria propioa izateak azken urteotan izan ez duen lasaitasuna emango dio erakundeari, kanpoko baliabideen mende egoteari utziko diolako. Eta, itxuraz, etxea txukuntzeko eta erdipurdiko tresneria erretiratzeko ere baliatuko du aukera. Izan ere, Zubietan hondakin organikoentzako biometanizazio planta abian jarri eta bi astera, Azpeitiko Lapatxeko konpostatze gunea behin betiko ixtea erabaki du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak.

Lapatxeko konpostatze plantak ekainean utzi zion Urola Erdiko Mankomunitateko hondakin organikoak jasotzeari, eta abuztuan egin zuen konposta azken aldiz. Behin-behinean geldirik zegoen ordutik, azpiegiturak hobekuntzak behar zituelako. Azpeitiko Udalak iaz egin zion konpostatze gunea egokitzeko eskaera GHKri, eta bideragarritasun plana eskatu zuen hark, hartu beharreko neurriak zeintzuk ziren eta zenbateko inbertsioa egin beharko zuen jakiteko. Kontsortzioaren arabera, txosten teknikoek eta ekonomikoek ondorioztatu dute Lapatxeko planta egokitzeko aukera ez dela bideragarria; alegia, garestiegia dela.

Konpostatze plantak ahalik eta usain gutxiena sortzeko eta ur lixibatuei tratamendu egokia emateko egin beharreko egokitzapena, gutxienez, bost milioi eurokoa litzatekeela dio txostenak. GHKren arabera, 188 euro litzateke han ekoitzitako bio-hondakin tonaren kostua. Ostera, Bergarako Epeleko konpostatze plantan tona bakoitza 117 euro kostatzen dela dio, eta Zubietan 84 euro kostako dela aurreikusi du. Txostenaren arabera, Lapatxen hondakin organikoak kudeatzeak eragingo lukeen kostua “beste alternatiba batzuen bidezko kudeaketa baino %223 handiagoa” litzateke. Horregatik hobetsi du irtenbiderik merkeena: Lapatxekoa itxi, eta hara eramaten zituzten hondakinak Epelera eta Zubietara bideratzea. Bi gune horiek Gipuzkoan sortzen den hondakin organiko guztia tratatzeko gaitasuna dutela dio txostenak.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.