Berriz itzuli dira, haien DNAren bila

Urola Kostako Hitza | Kultura
2019ko urr. 11a, 11:51

1983an aurkitu zuten Antxieta taldeko kideek Zestoako Amalda III haitzuloa. Irailean han izan dira Joseba Rios arkeologoarekin, Euskal Herriko azken neanderthalaren DNA zantzuen bila.

Joseba Rios arkeologoaren lantaldeko eta Antxieta taldeko kideak. (Jabier Lazkano)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Orain dela 35 urte izan ziren azkenengoz bertan. 1984az geroztik, inor ez zen sartu hara. Antxieta arkeologia taldeko kideek aurkitu zuten Zestoako Amalda III haitzuloa 1983an, eta aurten berriz itzuli da hara taldeko hainbat kide. Izan ere, Joseba Rios arkeologoak Euskal Herriko azken neanderthalaren zantzuak aurkitzeko ikerketa hasi du Zestoako haitzulo horretan, eta hari laguntzen aritu dira Antxietako kideak.

Irailaren 14tik 20ra aritu ziren bertan lanean Rios eta haren lantaldea nahiz Antxietako Jabier Lazkano, Jose Inazio Arrieta, Iñigo Arizaga, Igone Elejalde eta Aitor Suinaga. "Lagunduko al genien esan zigun Riosek, zailtasunak baititu haitzuloak", azaldu du Lazkanok: "Gure kobazulo kuttuna izan da beti Amalda III, oso berezia da guretzat, eta baietz esan genion". Ikerketaren zailtasunari beste bat gehitu behar zaio: "Horma batean dago, lurretik 25 bat metrora, eta espeleologiako tresnak behar dira hara iristeko. Zalantza izan genuen: behin igo eta astebete bertan pasatu, edo egunero igo eta jaitsi ibili. Haitzuloaren ezaugarriak kontuan hartuta, joan-etorrian ibiltzea erabaki genuen".

Antxietako kideek 83-84 urteetan egin zuten zundaketa bat Amalda IIIan, eta hainbat aztarna aurkitu zuten. Ordutik ez da inor aritu han lanean: "Guk 84an utzi genuen moduan zegoen harpea; pentsa, aztarna delikatuak biltzeko erabiltzen genuen komuneko paperaren biribilkia ere han zegoen".

Amalda IIIra lehen aldiz sartu ziren aldi hartan egin zituzten indusketak tarteko, badakite kobazulo horretan neanderthalak bizi izan zirela; are gehiago, Brontze Aroko hezurrak, suharriak nahiz keramikak ere aurkitu zituzten. "Riosek bazekien oso garrantzitsua zela aztarnategi hori", esan du Lazkanok.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu