Dena prest, garagardoaren festari ekiteko

Uztarria.eus 2019ko urr. 11a, 11:00
Garagardo Azokarako prestaketa lanetan hartutako irudia.

Gaur zabalduko dute Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatutako XI. Garagardo Azoka. 19:00etan hasita, ISBko talde guztien aurkezpenak egingo dituzte plazan, eta ondoren, inaugurazio ekitaldia egingo dute Azoka Plazan; Lagun Onak futbol taldeko kideak omenduko dituzte bertan. Gaur, bihar, urriaren 18an eta 19an izango da zabalik azoka, 20:00etatik 02:00etara.

Gaur zabalduko dute Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatutako Garagardo Azoka. Aurtengoa egitasmoaren XI. edizioa izango da, eta asteburu honetan eta hurrengoan izango da garagardoa dastatzeko aukera. Hain zuzen ere, gaur, bihar, urriaren 18an eta 19an izango da irekita Azoka Plazan muntatuko duten gunea. Egun horietan guztietan ordutegi bera izango du azokak: 20:00etatik 02:00etara egongo da zabalik.

Aurten gonbidatu bereziek inauguratuko dute azoka. ISBk erabaki du Lagun Onak futbol taldeari ematea horretarako ardura, klubaren 75. urtemuga delako aurten. Gaur egingo dute inaugurazio ekitaldia, baina horren aurretik, 19:00etan hasita, ISBko talde guztien aurkezpenak egingo dituzte plazan. Hori amaitzean egingo dute azokaren irekiera ekitaldia, Azoka Plazan, eta bertan izango dira Lagun Onakeko ordezkariak.

Askotariko garagardoak probatzeko aukera izango da azokak iraungo duen egunetan, hala nola Paulaner, Murphy's, Guinnes eta Affligem etxeetakoak. Dena den, izango da berrikuntzarik garagardoei dagokienez; izan ere, Hop House, Lagunitas IPA eta 18/70 La Rubia garagardoak ere dastatu ahal izango dira. Horrez gain, hainbat jaki ere prestatuko dute ISBko kideek.

Giroa alaitzeko, hainbat musika emanaldi ere prestatu dute Garagardo Azokaren sustatzaileek: gaur, euskal rocka izango da entzungai; bihar, DJ Elortxak eskainiko du saioa; urriaren 18an, 80ko hamarkadako musika jarriko dute Azoka Plazan; eta urriaren 19an, DJ Kanutoren txanda izango da.