Adinekoen egoitzetako langileek mobilizazioa egingo dute bihar, lan hitzarmena eskatzeko

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko urr. 16a, 09:00

ELA sindikatuak deituta, zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileek protesta egingo dute bihar, 12:00etan, San Martin egoitzaren aurrean. 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira mobilizatzen.

Zahar etxeetako langileek egindako protesta bateko irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Gipuzkoako erresidentzietako langileek urriaren 7an martxa bat hasi zuten, gatazkaren konponbidea eskatzeko lurralde osoan zehar. Egun horretan, Zumaian eta Zarautzen ibili ziren protestan, eta bihar, osteguna, Azkoitian eta Azpeitian izango dira. 10:30ean Azkoitian elkartuko dira, San Jose Egoitzaren aurrean, eta ondoren, 12:00etan, Azpeitian egingo dute geldialdia, San Martin egoitzan.

Langileek ehun egun baino gehiago daramatzate greban lan hitzarmenaren alde. Grebalariek emakume izateagatik pairatzen duten soldata arrakala salatu nahi dute martxetan, ELA sindikatuak azaldu duenez. "Argi daukagu zergatik ari den hau gertatzen, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inolako soldatarik jaso gabe, gainera. Gaur egun, gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago jasotzen ditugu urtean, emakume izate soilagatik".

Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira emakume horiek protestan. 2017an ekin zioten negoziazioari, eta gaur egun, oraindik ere, "egoera hankaz gora" dagoela salatu dute.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu