Enpresei Hazinnova zerbitzua aurkezteko jardunaldia egin dute Basazabalen

Uztarria.eus | Ekonomia
2019ko urr. 9a, 15:30

Hazinnova zerbitzua ezagutzera emateko aurkezpen jardunaldia egin dute gaur, Azpeitiko Basazabal jauregian. Urola Kostako, Urola Erdiko eta Urola Garaiko enpresa txiki eta ertainetako (ETE) ordezkariak izan dira bertan. SPRI eta Innobasque enpresa garapenerako euskal agentziek martxan jarritako zerbitzua da Hazinnova, eta haren helburua da lana antolatzeko modu berritzaileak eta produktu zein zerbitzuak merkaturatzeko molde berriak baliatzeko aukera ematea; horretarako, egitasmo horretan esku hartzen duen enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako proiektuak onduko dira. Jardunaldiaren antolatzaileak Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentzia, Urola Kostako Udal Elkartea eta UGGASA Urola Garaiko Garapenerako Agentzia dira.

Jardunaldia 09:30ean hasi da, eta Iraurgi Berritzeneko zuzendari Begoña Beobidek egin du ongietorria. Ondoren, Hazinnova zer den eta ETE bati zer onura eskaintzen dizkion azaldu du SPRI taldeko Berrikuntza Saileko zuzendari Josu Ocarizek: antolakuntza sistemetan edo prozesu komertzialetan aldaketa eragin ahalko duen berrikuntza ez teknologikorako aholkularitza eta enpresentzako laguntza zerbitzua dela esan du. Horretarako, aholkularitza oso espezializatuko 50 hamar ordu eskaintzen ditu Hazinnovak doan. ETEek urtebetean hainbat alorretako proiektuak landu ahalko dituzte: ekonomia eta finantza kudeaketa, ekoizpena, logistika, barne prozesuak, pertsona zein bezeroekin harremanak eta merkatu berrien bilaketa, baita bere jarduera babesteko marka eta erregistroei dagozkienak ere.

Bestalde, Idoya Bidaurrazagak, Innobasqueko zientzia, teknologia eta berrikuntza politiken saileko proiektu arduradunak, zerbitzuaren testuingurua zehaztu eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan berrikuntzak bizi duen egoera azaldu du. Era berean, Azkoitiko Erlo Group enpresaren zuzendari nagusi Unai Zubeldiak berrikuntzaren inguruan zein ibilbide egin duten aurkeztu du.

Hazinnova jardunaldiak, eskualdez eskualde aurkezpen-ekitaldiak joan zen irailaren 19an hasi zituzten, Durangon (Bizkaia), eta guztira, hamar jardunaldi izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, modu zehatzean eta ahalik eta enpresa kopuru zabalenari Hazinnova zer den azaltzeko.


 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu