Esklabak-Iturtzulo eremuko babestutako etxebizitzen bigarren faseko zozketan izena emateko epea zabaldu dute

Uztarria.eus | Hirigintza
2019ko urr. 9a, 12:33

Bigarren fasean 67 etxebizitza eraikiko dituzte; horietatik 39 babes ofizialekoak izango dira, eta 28 udal sustapenekoak. Abenduaren 2ra bitartean eman ahalko da izena, eta zozketa udaberrian egingo dute. 

Leire Goenaga zinegotzia, Nagore Alkorta alkatea eta Josu Labaka zinegotzia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Esklabak-Iturtzulo eremuan egingo dituzten babes publikoko etxebizitzen bigarren faseko zozketan izena emateko epea zabaldu dute. Fase horretan 67 etxebizitza eraikiko dituzte; horietatik 39 babes ofizialekoak izango dira, eta 28 udal sustapenekoak. Abenduaren 2ra bitartean eman ahalko da izena, eta zozketa udaberrian egingo dute.

Babes ofizialeko 39 etxebizitza egingo dituzte; horietako bat logela batekoa izango da, hamabost bi logelakoak izango dira, eta 23 hiru logelakoak. Hiru logelako etxebizitza bat etxebizitza egokitua izango da. 110.000 eurotik 158.000 eurora arteko prezioa izango dute etxeek, BEZ gabe; etxebizitza egokituak, berriz, 198.000 euroko (BEZ gabe) prezioa izango du. Udal sustapeneko etxebizitzak, berriz, 28 izango dira guztira. Bi logelako hiru etxebizitza eraikiko dituzte –horietako bat egokitua izango da–, eta hiru logelako 25. 181.000 eurotik 221.000 eurora arteko prezioak izango dituzte etxebizitzek, BEZ gabe. Etxebizitza egokituak, berriz, 223.000 euroko prezioa izango du.

Eskariak egiteko, ez dira berdinak izango Babes Ofizialeko Etxebizitzen eta udal sustapenekoen kasuan bete beharreko baldintzak. Babes ofizialekoen kasuan, honako hauek dira baldintzak: etxebizitzarik ez izatea jabetzan (salbuespenak salbuespen); Azpeitian erroldatuta egotea (azken 15 urteetan 6 urtez eta azken bi urteetan jarraian, 2019ko urtarrilaren 1aren aurretik); 2018ko diru-sarrerak 9.000-39.000 artekoak izatea; eta Etxebiden, salmenta aukeran, izena emanda egotea. Udal sustapenekoen kasuan, berriz, honako hauek dira baldintzak: etxebizitzarik ez izatea jabetzan (salbuespenak salbuespen), Azpeitian erroldatuta egotea (azken 5 urteetan 3 urtez, azken 15 urteetan 5 urtez eta kontuan hartuko dute azken 10 urteetan Azpeitian lan egin izana, 2019ko urtarrilaren 1aren aurretik); 2018ko diru-sarrerak 25.000- 50.700 euro artekoak izatea; eta udaletxean eskaria erregistratuta izatea abenduaren 2rako.

Josu Labaka zinegotziak azaldu duenez, bigarren faseko zozketan 2018ko errenta hartuko dute kontuan, eta horrek eskaintza herritar gehiagorengana zabaltzeko aukera emango du. "Azken zozketan 2017ko diru-sarrerak hartu genituen kontuan, eta orain, 2018koak. Etxebizitzak fase ezberdinetan egiteko arrazoietako bat hori izan da, jende ezberdinari gradualki eskaintza zabaltzen joatea".

Izen-ematea, zabalik

Izen-ematea udaletxeko harrera bulegoan egin daiteke, abenduaren 2ra bitartean. Babes Ofizialeko Etxebizitzen kasuan, ez da nahikoa udalean eskaria egitea, Etxebiden izena ematea ezinbestekoa baita. "2020ko urtarrilaren 1ean aterako da Etxebiden izena emanda daudenen zerrenda, eta horregatik da inportantea abenduaren 2rako izena emanda egotea, tramitazioak egiteko denbora bat behar izaten baita. Lehenbailehen izena ematea gomendatzen dugu", esan du Leire Goenaga zinegotziak. Etxebiden izena eman nahi dutenek, udalean bertan edo Internetez egin dezakete. Udal sustapeneko etxebizitzen kasuan, berriz, udalean izena ematea nahiko da.

Baldintzen inguruan edozein zalantza izanez gero, 943-15 71 83 telefonora deitu, azpeitiaberritzen@azpeitia.eus helbidera idatzi edo Azpeitia Berritzenen Bulegora joan daitezke herritarrak.

"Etxebizitza: eskubidea"

Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, Azpeitiko Udala azken urteetan garatzen ari den etxebizitza politikan sakontzeko asmoz jarri dute martxan bigarren fasea. Dagoeneko zozkatuta eta esleituta daude lehen faseari dagozkion etxebizitza guztiak, eta Alkortaren arabera, kontratua ixtear dago. ark esan du abenduan hasiko dituztela lehen faseko etxebizitzen obrak, eta bi urte barru amaituko dituztela. Dena den, gogoratu du itxaron zerrendan gelditu zirela oraindik etxebizitza beharra duten azpeitiarrak, eta horregatik ekin diotela bigarren faseari.

Azpeitiko Udalak beti izan du oinarrian "etxebizitza izateko eskubidea bermatu egin behar dela", Alkortaren arabera. Hark azaldu duenez, eremu horretan hartu diren neurriek etxebizitza beharraren inguruan egindako ikerketa izan dute abiapuntu. "Ikerketa horretatik abiatuta, eskaintza zabal bat egiten saiatu gara, molde, prezio eta neurri ezberdinetako etxebizitzekin, eta zozketa honek ere egin nahi den eskaintza zabal horri erantzuten dio. Uste dugu lehen fasearekin eta bigarrenarekin borobiltasun bat emango zaiola prozesu honi", esan du.

Gainera, Alkortak adierazi du etxebizitza bat eskuratzeak "eragin zuzena" duela pertsonen eta familien ekonomian. "Horregatik, babestutako eskaintza hau herrian bertan egitea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Etxebizitzak herritarren bizi kalitatean eragiten du zuzenean, eta azken finean, hori da gure helburua: azpeitiarrak Azpeitian bizi ahal izatea eta beraien bizi kalitatea ahalik eta onena izatea".

Bidali:  

Erantzunak

jexuxenama | 2019-10-09 : 13:09

Eta noiz hasiber debe lenengo fasie eiten? Ez banao oker urriyen esan zeben. Ze enpresak inber ditu?

Perikomotxala | 2019-10-09 : 13:18

Krisiyen semealabakekuek izen eman ber debe o hauek ya zuzenien apuntaute daude?

Egipixkat | 2019-10-09 : 17:18

Non dago oposizioko alderdiko kide liberatua? Ez al dute gonbidatu prentsaurrekoa honetara? Edo guztietara?
Noiz kendu behar da pentsu usaia?
Baietz, Altuna y Uriak egin obra, apustuak onartzen dira.

Peioandoni | 2019-10-09 : 17:21

Lenengo fasea noizko da? Denbora asko da zozketa egin zala eta harri bat ez mugitu. Zergaitik ez da hasi? Ze enpresa egin behar ditu? Noiz etxeko giltzak?

Bi faseak batera egingo dira?

Lenengo fasean tokatu eta ezetz esan zutenak aukera daukate berriz bigarren fasean sartzeko?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu