Gotzon Barandiaran: "Transmisioa ezinbestekoa da gure kulturgintzaren ekosistema Zaintza Intentsiboen Unitatetik ateratzeko"

Unibertsitatea.net 2019ko urr. 8a, 15:03
Gotzon Barandiaran.

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi izenburupean, jardunaldia izango da urriaren 19an, larunbata, Azpeitian. Gotzon Barandiaran idazlea, Jalgiko eta UEUko kidea da saioen antolatzaileetako bat, eta harekin jardunaldiez hitz egin du Unibertsitatea.net atariak.

Euskal kultur sorkuntzaren transmisio arloan zeintzuk dira kultur sortzaileen kezka nagusiak?

Sortzaileon kezka nagusia gure lanak konpartitzea da. Plazara ateratzearen aldeko hautua egin duen sortzaile batek ez badu inor beste aldean bere ahaleginak ez du ezelango fruiturik, ez baliorik, ez funtziorik. Ondorioz, plazara ateratzeari utziko dio. Euskal sortzaileok kulturzaleak behar ditugu; hori da guk, eta beraz, gure kulturgintzak duen premiarik handiena. Esango nuke gaur gaurkoz, premia larria dela. Kulturgintzarekiko zaletasuna sortu, erein, piztu egin behar da, gure heziketa prozesu osoan. Inor ez da sortzaile bihurtzen lehenago zale izan gabe. Sortzaile izateko, lehenik hartzaile izan behar da. Jaso egiten duzu lehenik; ereduak, erreferentziak, adibideak, laginak jasotzen dituzu; eta hortik sortuko zaizu zuri antzeko zerbait edota guztiz kontrakoa sortzeko grina. Guri dagokigunez, eta Anarik esan legez, euskaraz sortzeko grina transmititu behar dugu. Euskaraz sortzeko grina euskal kulturgintzaren historia eta gaur egungo errealitatea erakutsiz piztu daiteke, egun itzalita baitago. Transmititzen ez dena, desagertu egiten baita. Gaur egun, euskal herritar batek, kultura ingeles, frantses eta espainoleko edukiak jasotzen ditu etengabe eta inolako ahaleginik egin gabe. Euskal kulturgintzari buruzko erreferentziak, ostera, ez. Euskal sortzaileok eta gure lanak ezezagunak dira euskal herritarren gehiengoarentzat, 2018ko ikerketek frogatu dutenez. Hezkuntza arautu, ez arautu eta etxe edo familia bidezko transmisioa ezinbestekoa da gure kulturgintzaren ekosistema Zaintza Intentsiboen Unitatetik atera eta osasuntsu bizi arazteko.

Hezkuntza arautuan jarriko duzue arreta oraingo honetan. Zein hutsune dago?

Euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta ez hezkuntza arautuan, ez hezkuntza ez aratuan, ezta etxegiroan edo familian ere. Eten bat dago, baina badaude adibide isolatuak, eta horiek nabarmendu gura ditugu. Hasteko eta bat Euskal Herri osoan kulturgintzaren transmisioa zelan lantzen ari garen ezagutu asmo dugu. Horretarako adierazpide ezberdinetako esperientziak elkartuko ditugu, oso emaitza onak ematen dituztenak. Ondoren, kulturgintzaren transmisioan urteetan lanean ari diren eragileen arteko mahai-inguruetan, eztabaidarako proposamen praktikoak jaso gura ditugu.

Elkarrizketa osoa, Unibertsitatea.net atarian irakur daiteke.