Urriaren 15ean itxiko da etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea

Uztarria.eus 2019ko urr. 8a, 13:49

18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatutako herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko dirulaguntzak.

Azpeitiko Udalak joan zen maiatzean zabaldu zuen etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea, eta urriaren 15a izango da horretarako azken eguna. Azken urteetako moduan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatuta edo dibortziatuta dauden herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko laguntzak. Udalak aurten ere 180.000 euro bideratuko ditu alokairurako diru laguntzetara.

Eskatzaileei emango zaien diru kopurua eskaera egin duen pertsonaren diru sarreren araberakoa izango da. Honako irizpide hauei jarraituko die Udalak eskaera egin dutenei dirulaguntzak banatzerakoan: 

  • 0 euro eta 15.000 euro artean: alokairuaren %50 ordainduko zaio.
  • 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %40 ordainduko zaio.
  • 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %30 ordainduko zaio.
  • 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %20 ordainduko zaio

Dirulaguntzak eskatzen dituztenen alokairuaren errentak hilero 550 euro baino gutxiagokoa izan behar du. Hori horrela, honako hauek dira Udalak eskainiko dituen laguntzak:

  • Alokairua ordaintzeko, gehienez, 250 euro hilean.
  • Alde Zaharrean alokairuan bizitzen jartzen direnek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute hilero. Beraz, Alde Zaharrean etxea alokatuz gero, gehienez, 300 euroko languntza izango dute.
  • Laguntza hamabi hilabetekoa izango da.

Dirulaguntza eskatzen duten herritarrek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute udaletxean:

  • Eskabide-orria, behar bezala beteta eta sinatuta.
  • Laguntza eskatzen duen pertsona bakoitzaren NANaren edo egoitza txartelaren kopia. Adin txikikorik balego, Familia Liburuaren kopia ere aurkeztu beharko da. Azken agiri hori kasu guztietan aurkeztu beharko da senidetasuna egiaztatzeko, baldin eta ondorengotza alegatu bada.
  • Etxebizitzaren alokairu kontratuaren kopia, indarrean dagoena eta diruz lagundu daitekeen epearen barnekoa.
  • Kontu Korrontearen titularitatea egiaztatzen duen agiria.
  • Estatu mailan etxebizitzaren jabe ez izatearen ziurtagiria, laguntza eskatzen duten 18 urtetik gorako kide guztiena, jabetza erregistroak igorria eta laguntza eskaera eman baino gehienez 15 egun lehenagokoa.