Jonathan Terronek Europako Brazilian Jiu-Jitsu txapelketa irabazi du

Uztarria.eus 2019ko urr. 7a, 18:13
Jonathan Terron podiumean. (Jonathan Terron)

Joan den asteburuan Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatu zuten Europako Brazilian Jiu-Jitsu txapelketa, eta hirugarren urtez jarraian Jonathan Terron Azpeitiko bizilaguna izan zen txapelketaren garailea. Txapelketa "oso gogorra" izan dela azaldu Terronek, eta "oso pozik" dagoela garaipenarekin.

Jiu-Jitsuko Europako txapelduna izan da beste urte batez Jonathan Terron (Urretxu, 1981) Azpeitiko bizilaguna. Joan den asteburuan Valentzian jokatu zuten txapelketa, eta Terron jaun eta jabe izan zen finalean, Stephen Fairbairn britaniarrari finala irabazita.

Hark azaldu duenez, aurtengo txapelketa "oso gogorra" egin zaio, eta "oso pozik" dago txapelketan egin duen lanarekin. Nazioarteko hainbat borrokalariren aurka lehiatu da Azpeitiko bizilaguna Valentzian, baina Fairbairn britaniarraren aurka eta Alexander Kim errusiarraren aurka jokatutako lehiak izan direla gogorrenak nabarmendu du jiu-jitsulariak.

Terronek Europako Txapelketa irabazten duen hirugarren aldia da. Izan ere, iaz L'hospitalet de Llobregaten jokatu zen Europako Txapelketan ere lehenengo postua erdietsi zuen, eta duela bi urte ere txapela poltsikoratu zuen Benidormen jokatu zen finalean. Lotura honetan irakur daiteke Uztarriak Terroni egindako elkarrizketa.