Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala izango da larunbatean Urrestillan

Uztarria.eus 2019ko urr. 8a, 11:19
Txikia IV.a eta LarraƱaga.

Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Ruben Saralegi errazkindarra izango dira lehian, 12:00etan hasita. Horiek bost izakeratako 30 enbor ebaki beharko dituzte erlojuaren kontra. Jaialdia osatzeko, emakumeen harri-jasotze lehia ere izango da.

Urrestillako Txikuri pilotalekuak herri kirol munduko hitzordu garrantzitsu bat hartuko du larunbatean: izan ere, bertan jokatuko dute Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala. Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Ruben Saralegi errazkindarra izango dira nor baino nor lehian, 12:00etan hasita. Horiek bost izakeratako 30 enbor ebaki beharko dituzte erlojuaren kontra.

Jaialdia osatzeko, emakumeen harri-jasotze lehia ere izango da. Hain zuzen ere, Virginia Finol, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Udane Ostolaza 14 urteko kirolaria beren marka pertsonalak hobetzen saiatuko dira 63 kiloko harri kubikoarekin eta 50 kiloko bolarekin.

Urrian hainbat txapelketa ari dira jokatzen eskualdeko aizkolariak. Horren erakusle da bai zapatuan Urrestillan izango den txapelketa, bai joan zen asteburuan aizkolariek jokatu zuten Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako jardunaldia –bigarren egin zuen Larrañagak–, baita hilaren 27an jokatuko duten txapelketa horren finala ere.