Marea Urdinak sentsibilizatzeko ekintzak antolatu ditu astebururako

Uztarria.eus 2019ko urr. 7a, 13:02
'Marea Urdina' dokumentala emango dute ostiralean.

Marea Urdina dokumentala emango dute ostiralean, 19:00etan, Soreasu antzokian. Larunbatean, Luan autismoa duen haur berezia liburua eta Ezagutu nazazu erakusketa aurkeztuko dituzte, 11:00etatik aurrera. Zezen Beltz elkarteak antolatutako Grand Prix solidarioa ere izango da.

Marea Urdina aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren aldeko elkarteak sentsilibizazio asteburua antolatu du. Ostiralean –urriak 11– eta larunbatean –urriak 12– hainbat ekintza egingo dute, herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin.

Ostiralean izango da lehen ekitaldia. Hain zuzen ere, duela bi aste Azkoitian aurkeztu zuten Marea Urdinaren dokumentala emango dute, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Marea Urdina filmak aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko elkartearen iragana eta oraina jasotzen ditu, baita Marea Urdina taldeak etorkizunerako dituen erronkak ere.

Larunbatean, berriz, beste hainbat ekintza izango da. 11:00etan, Luan autismoa duen haur berezia liburua aurkeztuko dute, Sanagustin kulturgunean. Segidan, 11:30ean, Ezagutu nazazu erakusketa aurkeztuko dute, leku berean. Erakusketa hori urriaren 9tik 14ra zabalik izango da, bertaratu nahi duten guztientzat. Ekintzekin amaitzeko, zapatuan, 17:00etan, Zezen Beltzek antolatutako Grand Prix solidarioa izango da, duchenne gaitza duen eta Marea Urdinako kide den Iren haurraren alde.