Josu Labaka: "Etorkizunean, herri bezala, munduaren aurrean euskaldun agertuko al garen dago jokoan"

Uztarria.eus 2019ko urr. 5a, 14:17
Josu Labaka artxiboko irudi batean.

Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotzia izan da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria azken lau urteetan, eta gaur pasatu dio lekukoa lehendakari berriari, Elgetako alkate Iraitz Lazkanori. Egindako bidearekin gustura dago Labaka, baita euskalgintzak eta instituzioek elkarlanean bide berri bat urratu dutelako ere. Arnasaguneen garrantziaz ohartarazi du, beste behin.

Lau urte egin dituzu UEMAko lehendakari karguan. Zer balorazio egiten duzu?

Positiboa, dudarik gabe. UEMAk hainbat helburu estrategiko ditu, eta horietako bakoitza lortzeko lan handia egin da urte hauetan. Batetik, udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzen eta UEMA erakunde gisa sendotzen doa. Agintaldi hasieran 73 udal ziren UEMAko kide, eta gaur egun 86 dira. Herritarren kontzientziazioan eta gure ustez ezinbestekoak diren gai batzuen inguruan teorizazio lan handia egin da, aurrera begirako ildo zehatzak erakutsita.

Lau urteotan zertan asmatu duzuela esango zenuke?

UEMAk beti aldarrikatu eta egin izan du euskararen aldeko hizkuntza politika ausarta. Azken urteotan, hizkuntza politika hori adostasunez bideratzeko lan handia egin da. Alderdien arteko elkarlanetik hasi, eta erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren arteko zubiez ari naiz, zehazki. Duela urte batzuk pentsaezinak ziren aliantzak eta konplizitateak sortu dira, eta horrek urrats sendoak batera egiteko bidea zabaldu du. Herritarren kontzientziazioan eragitea, gazteak kontzientziatzeko hezkuntza proiektu sendoa martxan izatea, eragin linguistikoaren ebaluazioak lege izaera hartu izana edota udalerri euskaldunen prebentziotik garapenerako egin den hausnarketa guztia giltzarriak dira. Hori guztia, ohiko ildoak alde batera utzi gabe eta udalak zein udalerriak euskalduntzeko ditugun dozenaka zerbitzuez ahaztu gabe, noski.

Zer gelditu zaizue egiteke edo egiteko?

Euskaldunon eta herritarron borondateak legearen babesa ere behar du. Asko egin dezake herritarrak, baina etsigarria da gero legeak ez badu bermatzen euskaraz aritzea. Egunotan ikusi dugu zer gertatu den Nafarroan. Euskaraz aritzeko borondate eta konpromiso sendoa izan arren, edota erakunde publikoetatik horren aldeko erabakiak hartuta ere, erabaki politikoek lege izaerarik ez badute, bigarren mailako herritarrak izango gara beti euskaldunak. Erabaki ausartagoak hartzea eta herritarren aurrean eredu izatea dagokigu erakunde publikoei, eta horretan oraindik egiteko asko daukagula uste dut.

Arnasguneekin lan egiten duen erakundea da UEMA. Zergatik du zentzua fokua bereziki herri horietan jartzeak?

Munduko edozein hizkuntzaren biziberritzean giltzarria den kontzeptua da arnasguneena. Hizkuntza batek, iraungo badu, modu naturalean hitz egiten eta transmititzen den gune sendoak behar ditu. Bizirik irauteko arnasa hartzea ezinbestekoa da. Logika hutsa du. Ekologian hain oinarrizkoa den kontzeptua, ordea, arrotzagoa egiten zaigu hizkuntzara ekartzen dugunean. Baina euskararen arnasguneak horixe dira: herri honen bihotza. Herri honen hizkuntza taupadaka aritzea ahalbidetzen duten guneak. Arnasa garela esaten dugu, eta arnasa zabaltzen dugula gune erdaldunagoetara. Beraz, ezinbestekoa da arnasguneak berariaz zaintzea, babestea eta garatzea. UEMAk bere sorreratik lan handia egin du arnasguneen kontzeptua zabaltzen eta arnasguneentzat babesa eskatzen. Orain, bat egin dute beste hainbat erakunde publikok eta eragilek, eta guretzat garrantzitsua da babes hori, egindako lanaren aitortza ere badelako hein handi batean.

Kargua hartu zenuenean esan zenuen kolore desberdinetako politikaek helburu berarekin jardungo zenutela lanean. Lortu al duzue?

Dudarik gabe, baietz esango nuke. Gainera, ez da UEMAri soilik dagokion kontua. Hizkuntza politikan jarrera aldaketa nabaritu da hainbat arlotan, eta horrek erraztu egin ditu lehen aipatzen nituen aliantzak eta konplizitateak. UEMArekiko mesfidati agertu izan diren hainbatek, mesfidantza gainditu eta UEMAren aldeko jarrera erakutsi dute, eta elkarrekin ari gara bidea egiten gaur egun. Zuzendaritza batzordearen ahalegin berezia izan da lau urteotan adostasun osoz hartzea hartu beharreko erabaki guztiak, ezer bozkatu gabe. Alderdi ezberdinetako ordezkariak elkarrekin aritu gara lanean, eta giro onean gainera.

Euskalgintzak eta instituzioek elkarlanerako hainbat pauso eman dituzte azken urteotan. Zerbaiten seinale al da hori?

Bai, noski. Aipatu ditudan jarrera aldaketena batetik, baina baita euskarak eta euskalgintzak bizi duten bidegurutzeari elkarrekin eta sendo erantzuteko beharrarena ere. Denok onartu dugu belaunaldi berriak euskaldundu dituela hezkuntza sistemak, baina gero, inguruan ditugun erdaren eraginpean, gazteen artean erabilerak kezkatzeko zantzu asko erakusten dituela ere bai. Etorkizunean, herri bezala, munduaren aurrean euskaldun agertuko al garen dago jokoan. Kezka horren aurrean eta bidegurutze horren aurrean, barkaezina litzateke urrats sendoak elkarrekin ez ematea edo adostasunez ez ematea. Elkarlana benetan eraginkorra da, benetakoa baldin bada.

Arnasa Gara kanpaina jarri du martxan UEMAk, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, Iparraldeko euskara erakundearekin, aldundiekin nahiz udalekin elkarlanean. Dirudienez, erakunde guztiek egin dute bere arnasguneen garrantzia zenbaterainokoa den. Hala al da?


Bai, horrela da. Lehen aipatu dudan bezala, UEMAk sortu zenetik nabarmendu du arnasguneen garrantzia, eta arnasguneak berariaz babesteko beharra aldarrikatu du behin eta berriro. Horregatik, guretzat garrantzitsua da orain beste erakunde publikoek bere egitea UEMAren diskurtsoa, eta arnasguneen garrantzia azpimarratzea. Urte askoan aritu gara arnasguneak zergatik propio zaindu behar diren esaten, eta orain eman du fruitua egindako lanak.

Kargua hartu zenuenean zortzi ziren UEMAko kide ziren udalerriak; orain, berriz, bederatzi. Dena den, zerrendan falta dira Aia eta Azkoitia...

Urola Kostako herri guztiek betetzen dituzten UEMAko kide izateko irizpideak. Falta direnak UEMAra gehitzeko ere izan da gonbidapenik, baina oraingoz ez dute urratsik egin. Eskualde osoa arnasgune garrantzitsua izanda, UEMAk ateak zabalik ditu, noski, eta arnasguneen defentsan elkarrekin aritzeko borondatea eta konpromisoa duenak, urte askoan egindako bidearen esperientzia izango du lagun UEMAn. Bi herri horiek gehituta, udal guztiak UEMAn dituen Euskal Herriko lehenengo eskualdea izango litzateke Urola Kosta. Ederra litzateke, egia esan.

Iraitz Lazkano Elgetako alkateak hartu du zuk utzitako lehendakari kargua. Zer esango zenioke?

Erronka eta ardura ederra duela esku artean. Berak ere badaki, eta ilusioz hartu du kargu berria. Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu du, baina oraindik falta dira urrats kualitatiboak, beste salto bat emateko. Beraz, horretarako konpromisoa eta erabaki ausartak hartu beharko dira, eta hori errazagoa izango da elkarrekin eta adostasunean eginez gero. Beraz, onena opa diot kargu berrian, UEMA sendotzeko emandako pauso bakoitza euskaldunon eta herri honen hoberako izango baita.