Mende laurdeneko bidaia luzea

Uztarria.eus 2019ko urr. 5a, 13:32

Atzo, urriak 4, mende laurdena bete zuen Burdinbidearen Euskal Museoak, eta gaur urteurren borobila ospatzen ari dira goizaz geroztik. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordea, Imanol Leza Euskotreneko zuzendari nagusia, Juanjo Olaizola museoaren zuzendaria eta Azpeitiko Udaleko hainbat hautetsi elkartu dira 10:00ak pasatxoan, eta lehen-lehenik bisita gidatu labur bat egin dute museoan barrena.

Ondoren hasi dute jaiaren irekiera ekitaldia, eta besteak beste, museoaren garrantzia azpimarratu dute erakundeetako ordezkariek. Ildo beretik hitz egin du Azpeitiko alkateak ere, nahiz eta sentipen "kontrajarriak" dituela azaldu duen: "Azpeitiarrontzat egun berezia da gaurkoa, museoaren 25. urteurrena delako. Dena den, sentimendu kontrajarriak ditut; batetik, eskerrak eman beharrean gaude trenaren historiaren bueltan egindako lanagatik; bestetik, baina, Urolako trena kentzearen datarekin ere bat dator urtemuga". Alkortak Urolako trenarekin gogoratuta egin du hitzartzea: "Trena oso garrantzitsua da ekonomiari dagokionez, baita bizitza sozialerako ere, baina gaur egun Azpeitian ez daukagu trenik. Hori bai, denon imaginario kolektiboan dago Urolako trena".

Tapia sailburuak azaldu duenez, 25 urte hauetan 600.000 lagunek baino gehiagok bisitatu dute museoa, eta bisitei dagokienez hala jarraitzea espero duela esan du. Hark eskerrak eman dizkie museoaren zuzendariari eta bertako langileei, baita boluntario lanetan aritzen diren kide guztiei ere. "Haiek gabe ez geundeke hemen", esan du. Azpeitikoa historiari lotutako museoa dela azpimarratu du Tapiak, baina gogorarazi du etorkizuna ere baduela; izan ere, hark esan du trenaren aldeko apustua egin behar dela aurrera begira ere, bai bidaiarientzat, bai merkantziarentzat beharrezkoa delako.

Ekitaldia bukatzeko Urnietako Hegape dantza taldeko kideek bi abesti koreografia eskaini dituzte, tradizioa eta dantza modernoa uztartuta, eta ondoren Euskotrenek Burdinbidearen Euskal Museoko 25. Urtemuga gai hartuta antolatu duen haurren marrazki lehiaketako sari banaketa egin dute. Segidan, Euzkadi trenak lehen bidaia egin du, eta hainbat herritarrekin batera, Lasaora joan dira instituzioetako ordezkariak ere. Ondoren, beste bi tren ere izan dira zirkulazioan: 13:00etan Lasaora joan-etorria egin dute Euzkadi eta Portugal trenek. Horrez gain, Euskal Herriko sagardo eta indaba dastaketa ere egin dute.

Sabelak bete ostean jarraituko dute prestatutako egitarauarekin, eta beste hiru bidaia egingo dituzte lurrun eta diesel tren-makinetan. Ordubetero irtengo dira trenak Burdinbidearen Euskal Museotik Lasaora: 16:30ean, Alsthom tren-makinak egingo du bidaia; 17:30ean, Aurrera trenak; eta 18:30ean Euzkadik.

Hona hemen, gaur goizeko eta eguerdiko hainbat argazki: