Euskararen arnasguneen garrantzia azpimarratuz aurkeztu dute 'Kartzela' telesail digitala

Uztarria.eus 2019ko urr. 4a, 14:19

Arnasa Gara egitasmoaren aurkezpen ekitaldia egin zuten atzo, osteguna, Azpeitian. Joan den asteleheneko agerraldian azaldu zuten moduan, proiektuaren helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea, gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz jabetu daitezen. Mezu hori helarazteko eta Arnasa Gara ekimenari lotutako Kartzela telesail digitala aurkezteko baliatu zuten atzoko saioa. Sanagustin kulturgunean egin zuten ekitaldia, 19:00etan hasita.

Imanol Amiano Azpeitiko Udal Euskaltegiko irakasleak aurkeztu zuen saioa, eta bertan izan ziren Erika Olaizola eta Sambou Diaby Kartzela telesaileko aktoreak ere; azpeitiarra da bata, eta zumaiarra bestea. Bi aktoreek antzezpen txiki bat egin zuten arnasguneen garrantzia nabarmentzeko; hain zuzen ere, Amazoniako basoarekin konparatu zituzten euskararen arnasguneak, eta gogorarazi zuten ezinbestekoak direla horiek euskararen biziraupena bermatzeko. Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak ere hartu zuen hitza, eta hark ere ildo beretik hitz egin zuen.

Segidan, Kartzela telesailaren bi atal eman zituzten. Berez, abenduan kaleratuko dute websaila, baina aurrez, Euskal Herriko 22 udalerritan egingo dituzten aurkezpen ekitaldietan erakutsiko dituzte aurreneko bi atalak. Azpeitikoa izan zen 22 aurkezpen horietako lehena, eta sustatzaileen asmoa zen moduan, arnasguneen garrantzia eta errealitatea lantzeko baliatu zuten websailaren proiekzioa. Izan ere, telesailaren lehen bi atalak ikusi ostean, gai horren inguruan aritu ziren hizketan Olaizola, Diaby eta Amiano.

Interneterako ekoitzitako Kartzela telesailak Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren ondoren BECen harrapatuta gelditzen diren sei pertsonaren kontakizuna du oinarrian. Istorioak duen berezitasuna da sei protagonistak Euskal Herriko sei txoko ezberdinetakoak direla eta bakoitzak bere euskalkia duela. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (Uema) dira Arnasa Gara egitasmoaren sustatzaileak.