Lapatxeko konpostatze planta behin betiko ixtea onartu du GHK-k

Uztarria.eus 2019ko urr. 3a, 19:45
Lapatxeko konpostatze planta.

Urola Erdiko Mankomunitateko udalerrietako hondakin organikoak Epelera eta Zubietara eramatearen alde egin du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, Azpeitiko Udalak Lapatxerako eskatutako hobekuntzen kostuarekin alderatuta alternatiba merkeagoa delako GHKrentzat. Erabakiaren kontra bozkatu eta alegazioak aurkeztu ditu, ordea, Urola Erdiko Mankomunitateak, itxierak mankomunitateari eragingo dizkion gainkostuak bere gain ez dituelako hartuko GHK-k. "Kontsortzioak aurreztuko duena Urola Erdiko Mankomunitatearen lepotik" izango dela kexu da Aitor Bereziartua mankomunitateko presidentea.

Lapatxeko konpostatze planta ez dute berriro martxan jarriko. Urola Erdiko Mankomunitateko udalerrietan jasotako hondakin organikoak konpost bihurtzen zituen azpiegitura behin betiko ixtea erabaki dute gaur, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) batzarrean.

Azpeitiko konpostatze plantak ekainean utzi zion hondakinak jasotzeari, behin-behinean, GHK-k Azpeitiko Udalak 2018an egindako eskaerari erantzun bitartean. Bideragarritasun plana eskatu zuen kontsortzioak, udalak Lapatxerako eskatzen zituen hobekuntzak eta inbertsioak aztertzeko, eta gaurko batzarrean iritsi da erantzun ofiziala: Lapatxeko konpostatze plantak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoa den inbertisoa askoz garestiagoa dela dio GHK-k, Urola Erdiko hondakin organikoak Epeleko (Bergara, Gipuzkoa) konpostatze plantara eta Zubietako (Donostia) biometanizazio plantara bidaltzea baino; horrenbestez, GHKrentzat onuragarriagoa eta bideragarriagoa da Lapatx ixtea baldintza egokietan jartzea baino, aipatutako bi alternatibak kontuan hartuta.

Mankomunitatea, kaltetuta

Lapatxeko planta ixtearen kontra bozkatu eta alegazioak aurkeztu ditu gaurko batzarrean Urola Erdiko Mankomunitateak. Itxierak gainkostuak eragingo dizkio mankomunitateari, Elgoibarreraino garraiatu beharko baitituzte hondakinak –horrela ari dira egiten ekain bukaeratik–, eta gainkostu horiek GHK-k bere gain hartzea eskatu dute Urola Erdikoek; hori horrela izan arte, Lapatxeko konpostatze planta ez ixteko eskatu dute.

Kontsortzioaren estimazioak eta mankomunitatearen kopuru errealak ez datoz bat, ordea, eta kontsortzioko kiderik txikiena den mankomunitateak –Urola Erdikoak– aurkeztutako gainkostuak ez ditu bere gain hartu nahi GHK-k. Urola Erdikoek diote aurreikusitakoa baino hondakin gehiago jasotzen eta eramaten dutela Elgoibarrera, eta beraz, GHK-k aurreikusitakoa baino diru gehiago kostatuko zaiela ixteak, GHK-k ateratako kontuen "bateko sei", Aitor Bereziartuaren esanetan. Mankomunitatearen presidenteak azaldu du GHKrentzat onura izango dena kalterako izango dela Urola Erdiko udalerrien mankomunitatearentzat. "Kontsortzioak aurreztuko duena Urola Erdiko Mankomunitatearen lepotik" izango dela kexu da Bereziartua. "Gu ere bagara GHK, orain ez dirudien arren. Duela urte batzuk beste mankomunitateekin solidarioak izatea eskatu zitzaigun, Lapatxeko zabortegian hondakin gehiago jasotzeko". Bera buru duen mankomunitatearen eskaerei erantzunez gainkostuak ordainduta ere GHK-k onurak izaten jarraituko lukeela defendatu du Azpeitiko zinegotziak. "GHKrentzat onura txikiagoa litzateke, baina inork ez luke kalterik izango", adierazi du.