Alaitz Olaizolak 'Nork agintzen du?' liburua aurkeztu du

Uztarria.eus 2019ko urr. 3a, 18:13

Alaitz Olaizolak (Azpeitia, 1975) Nork agintzen du? haurrei zuzendutako liburua aurkeztu du gaur, osteguna, Donostian. Erein argitaletxearen Antzoki Txikia bildumaren barruan argitaratu zuen azpeitiarrak lana joan zen apirilean, eta gaur egin du liburuaren aurkezpen ofiziala. Olaizolak duela bi urte idatzi zuen lanak antzerki obra bat du oinarrian. "Antzerki liburua da, antzezteko pentsatua, nahiz eta irakurketarako aproposa izan daitekeen, hala nola eskoletan intonazioa lantzeko-eta balio dezake", azaldu du sortzaileak aurkezpenean. Mikel da liburuko protagonista, eta hark eskola jazarpena pairatzen du. Gaurkotasunarekin lotu du gaia azpeitiarrak: "Badakigu jazarpena eguneroko kontua dela gure gizartean, gaur egun eskoletan".

Istorioak badu, baina, berezitasun bat: Azpeitiko haurren antzerki tailerrean sortu zen liburuko antzezlana idazteko ideia. "Duela dozena bat urtetik ari gara Azpeitian umeen antzerki tailerrak egiten, eta taldeko kide bati egoera gazi-gozo bat bizitzea tokatu zitzaion. Asteleheneko antzerki tailerreko saioan beste taldekideekin komentatu zuen. Ni ez nengoen han, atseden txiki bat izaten dudalako, baina itzuli nintzenean 8 eta 12 urte bitarteko zortzi-hamar haur aurkitu nituen borobilean eserita gai horri buruz hizketan. Ni isilik nengoen behatzen, hunkituta, ia negar egiteko puntuan; izan ere, gaztetxo hari egoerari aurre egiteko zer estrategia erabil zitzakeen azaltzen ari ziren". Gertaera hartatik abiatuta sortu zuten, hain zuzen ere, urte hartako antzezlana, eta aldaketak eginda eraman du obra hori liburura Olaizolak.

Honako lotura honetan irakur daiteke joan zen apirilean Uztarria.eus-ek Olaizolari Nork agintzen du? liburuaz egindako elkarrizketa. Honako bideo honetan, berriz, gaurko aurkezpena ikus daiteke.

(Argazkia: Erein argitaletxea)