Prest dute 'Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi' jardunaldia

Uztarria.eus 2019ko urr. 3a, 17:26

Gaur, ostegunarekin, aurkeztu dute Donostian, datorren urriaren 19an herrian egingo den Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldia. Jalgik, Azpeitiko Udalak, Hik Hasik, Elkar fundazioak, Ikaselkarrek eta UEUk antolatu dute saioa, eta erakunde eta eragile horietako guztietako ordezkariak izan dira aurkezpenean, tartean Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea ere bai. Hark azaldu duenez, Udalak bi erronka "sendori" heldu die azken urteetan: "Alde batetik, herrian dugun kultur mugimendu indartsuarekin elkarlanean, kulturaren sormena eta transmisioaren lanketaren aldeko konpromisoa hartu dugu. Bestetik, berriz, herria unibertsitatearekin lotzeko bideak urratu ditugu, eta aitortza gisa bizi dugu jardunaldi hau Azpeitian egitea; izan ere, ziur jardunaldi hau lagungarri izango zaigula etorkizunerako lanketetarako giltza edo pistak jasotzeko".

Ziklo baten hasiera izateko antolatu dute lehen saioa, eta hezkuntza arautuan jarriko dute arreta. Horrenbestez, eskola bitartekaritzaren egoeraz gogoeta egingo dute eta kulturaren irakaskuntzaren erronkak zehaztuko dituzte. Jardunaldiaren sustatzaileen arabera, euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta hezkuntza arautuan, ezta hezkuntza ez arautuan eta familian ere. Egoera horren larritasunaz jabetuta, hausnarketa hezkuntza araututik abiatzea erabaki dute.

Azpeitiko jardunaldia Basazabal jauregian egingo dute, eta hamar orduko iraupena izango du. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea; lotura honetan eman daiteke izena, urriaren 11ra bitartean. Matrikula orokorrak 35 euro balio du; ikasleek, langabeek eta erretiratuek hogei euro ordaindu beharko dute; eta UEUko bazkideek, 26,5 euro. Antolatzaileek euskal kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan interesa edo kezka duten pertsona uztiak gonbidatu dituzte jardunaldian parte hartzera, eta batez ere, dei egin diete hezkuntza arloko profesionalei, hezkuntza zein kultur arloko ikertzaileei, kultur arloko sortzaileei eta kulturaren transmisioan lan egiten duten profesionalei.

Urriaren 19koa ez da izango, ordea, gaiari lotuta egingo duten saio bakarra. Egungo kultur bitartekaritza izango du hizpide zikloan zehar, euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea helburu hartuta. Hori horrela izanik, jardunaldiz jardunaldi, kultur bitartekaritzaren hainbat eremutara hurbiltzeko asmoa dute antolatzaileek, bitartekaritzan esku-hartzen duten eragileen egoera ikusgarri egiteko, eta, batez ere, eragile horiekin batera esparruz esparru kultur bitartekaritzaren erronkak zehazteko (hezkuntza arautua, hezitzaileen formazioa, aisialdia, ekoizpena eta argitalpengintza, komunikabideak, kultur erakundeak, eta abar).

Egitaraua

Hon hemen urriaren 19ko jardunaldiko egitaraua:

-08:30-9:00. Dokumentazioaren banaketa.

-09:00-09:15. Ongi etorri mahaia

-09:15-11:00. Hitzaldiak. Dinamizatzailea: Amaia Serrano (EHUko ikertzaile eta irakaslea, UEUkidea)

  • Kultur transmisioa, katebegi bat kulturaren unibertsoan. Olatz Osa (Elkar Taldeko argitaletxeen zuzendaria)
  •  (Euskal) Kulturak hezkuntza zeharkatzeko manerak. Iratxe Retolaza (EHUko ikertzaile eta irakaslea, UEUkidea)

-11:00-11:30. Atsedenaldia eta kafe etena.

-11:30-13:30. Kulturgintzaren transmisioa egunerokoan. Esperientziak. Dinamizatzailea: Gotzon Barandiaran (idazlea, Jalgi ekimeneko kidea, UEUkidea).

  • Arte eszenikoak: Pantxika Telleria (Koreografoa. ELIRALE dantza konpainia)
  • Musika: Musikariak Ikastetxeetan programa (Alberto Barandiaran. Kazetaria, idazlea. Nafarroako Hezkuntza Departamentuko teknikaria)
  • Literatura: Eskolako Literatur Kanona egitasmoa. (Amaia Irazusta. Nafarroako Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa)
  • Arte plastikoak: Artaziak. Hezkuntza eta mediazio kulturala.

-13:30-15:00. Bazkaria.

-15:00-16:30. Mahai ingurua: Kultur transmisioa hezkuntza arautuan.

  • Arantxa Hirigoien, Ximun Fuchs
  • Ikastolen Elkartea (zehazteke nor)
  • Hezkuntza Publikoa (zehazteke nor)
  • Moderatzailea: Ainara Gorostitzu (Hik Hasiko kidea)

-16:30-18:00. Mahai ingurua: Kultur hezkuntza eskolan gogoetagai.

  • Mikel Artola (Bertsozale elkartea)
  • Oier Araolaza (Dantzan)
  • Nerea Permach (Irakaslea eta EHUko ikertzailea)
  • Haizea Barcenilla (EHUko ikertzaile eta irakaslea)
  • Moderatzailea: Amaia Serrano (EHUko ikertzaile eta irakaslea, UEUkidea)

-18:00-19:00. Itxierako saioa: Soreasuko sormen gunea ezagutzeko bisita gidatua (Kulturaz kooperatiba).