Ostiralean hasiko da Azpeitiko XX. Erremonte Txapelketa

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko urr. 2a, 13:27

Lau astez egingo dute txapelketa, eta finala urriaren 25ean izango da. Partida guztiak Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzte, ostiraletan, 18:30ean hasita. Bi taldetan banatuta eta ligaxka formatuan jokatuko dituzte partidak. Lehen jardunaldian, A taldeko Ansa II.ak eta Labakak parez pare izango dituzte Matxin III.a eta Larrañaga. B taldean, berriz, Juaneneak eta Zubirik Goikoetxea V.aren eta Ionen kontra neurtuko dituzte indarrak. Erremontea ezagurataztea xede, ate irekiak egingo dituzte Izarraitzen urriaren 18an eta 25ean. 

Txapelketa jokatuko duten erremontistak, Oriamendi 2010eko ordezkariak eta Azpeitiko Udalekoak, Izarraitz pilotalekuan egindako agerraldian. (Oriamendi)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Beste urte batez erremontea hauspotzeko prest dago Azpeitia, eta, horrenbestez, datozen asteetan erremontisten kirola izango da protagonista Izarraitz pilotalekuan. Ostiralean hasiko da Azpeitiko XX. Erremonte Txapelketa, eta lehen jardunaldiaren atarian azaldu dituzte aurtengo sariketako xehetasun guztiak. 

Iazko edizioaren ildo beretik dator aurtengo Erremonte Txapelketa ere. Guztira, sei bikotek hartuko dute parte sariketan, eta bi taldetan banatuta jokatuko dituzte partidak, ligaxka formatuan. A taldean hiru bikote arituko dira lehian: Ansa II.a eta Labaka, Matxin III.a eta Larrañaga, eta Aldabe eta Endika. Beste hiru bikote lehiatuko dira B taldean: Juanenea eta Zubiri, Segurola eta Azpiroz eta Goikoetxea V.a eta Ion. A taldeko bikoteek elkarren kontra jokatu beharko dute, denek denen kontra, eta B taldeko bikoteek ere gauza bera egingo dute. Behin ligaxka amaituta, A taldean nahiz B taldean gailendutako bikoteak sailkatuko dira finalera. Urriaren 25ean jokatuko dute Azpeitiko XX. Erremonte Txapelketako finala Izarraitz pilotalekuan. 

Erremonte jaialdiko lehen jardunaldia ostiralean, urriak 4, jokatuko dute, 18:30ean hasita. A taldean, Ansa II.ak eta Labakak parez pare izango dituzte Matxin III.a eta Larrañaga. B taldean, berriz, Juaneneak eta Zubirik Goikoetxea V.aren eta Ionen kontra neurtuko dituzte indarrak. Hurrengo partidak urriaren 11n eta 18an jokatuko dituzte, eta finala urriaren 25ean izango da. 

Partidak ikusteko sarrerak bi eurotan jarriko dituzte salgai izarraitzeko leihatilan. Pilotalekuko leihatila partidak hasi baino ordubete lehenago, 17:30 aldera, irekiko dute.

Erremontea ezagutaraztea xede

Azpeitia erremontearekin lelopean antolatzen dute Azpeitiko Erremonte Txapelketa Azpeitiko Udalak eta Oriamendi 2010 enpresak; izan ere, erremontea hauspotzea dute helburu bi erakundeek. Hori dela eta, aurten, berrikuntza bezala, ate irekiak egingo dituzte bi egunez, interesa duten herritarrek erremontea "barrutik" ezagutu dezaten. Modu horretan, urriaren 18an eta 25ean 17:30ean irekiko dituzte izarraitz pilotalekuko ateak. Egun horietan, 14 urtetik gorako pertsonek aukera izango dute erremontea nahiz erremontisten jarduna gertutik ezagutzeko. Ate irekien saioetara joan nahi duten lagunek, urriaren 18an edo 25ean 17:30 aldera Izarraitz pilotalekura agertu besterik ez dute egin beharko.

Oriamendi 2010 enpresak erremontea bizirik mantentzeko urteetan zehar egin duen lana aitortu eta eskertu du Egoitz Arruti Udaleko Kirol batzordeburuak, eta azpimarratu du Azpeitiko Erremonte Txapelketa hitzordu "garrantzitsua" dela Udalarentzat. Halaber, erremontea "kirol ikusgarria" dela nabarmendu du Arrutik: "Erremontea ezagutzen dutenak nahiz ezagutzen ez duten herritarrak neurketak ikustera animatu nahi ditugu. Kirol ikusgarria da, batez ere partidek duten abiadurarengatik". Oriamendi 2010k Azpeitiko Udalak urte luzez erremontea sustatzeko egindako lana eskertu du.

Utergak eta Labakak irabazi zuten Azpeitiko XIX. Erremonte Txapelketa. Matxin III.aren eta Agirrezabalaren kontra jokatu zuten finala Utergak eta Labakak, eta markagailuan 40-36 nagusituta lortu zuten txapela.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu