Erika Olaizola: "'Kartzela' webserieak duen berezitasuna da protagonista bakoitzak bere euskalkia duela"

Uztarria.eus 2019ko urr. 2a, 14:03
Olaizola, ezkerretik hirugarrena, telesaileko beste aktoreekin. (Hiru Damatxo)

Erika Olaizolak Kartzela webseriea parte hartu du, eta aktoreak gazte azpeitiar bat hezurmamitu du lanean. Arnasa Gara egitasmoaren barruan ekoitzi du Hiru Damatxok telesail digitala, eta bihar aurkeztuko dute, Sanagustin kulturgunean. Lehen bi atalak ere emango dituzte.

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta Uemak abiatu duten Arnasa Gara egitasmoaren barruan, Kartzela webseriea ekoitzi du Hiru Damatxok, eta haren aurkezpena egingo dute bihar, osteguna, Sanagustin kulturgunean. Telesail digitalaren nondik-norakoak azaltzeaz gain, lehen bi atalak eskainiko dituzte 19:00etatik aurrera.

Erika Olaizola da talde artistikoko aktoreetako bat, eta hark azaldu duenez, honako hau da istorioaren abiapuntua: "Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala amaitzean, sei lagun giltzapetuta geratzen dira BECen". Joan zen astelehenean aurkeztu zuten Arnasa Gara Azpeitian, eta han adierazi zutenez, egitasmo horren helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea, gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz jabetu daitezen. Testuinguru horretan ondu dute Kartzela webseriea, eta hori hala izanik, ikus-entzunezko lanak euskalkietan jarri du arreta: "Istorioak duen berezitasuna da sei protagonistak Euskal Herriko sei txokoetakoak garela eta bakoitzak bere euskalkia duela", adierazi du Olaizolak. Aktoreak azpeitiar gazte bat hezurmamitu du telesail digitalean, eta azpimarratu du ekoizleen "lehentasuna" izan dela euskalki desberdinetan hitz egiten duten sei lagun aurkitzea. "Talde artistikoko guztiok ez gara aktoreak, batzuek beste ogibide bat dute. Niri deitu zidatenean ere, lehendabizi azpeitiarra eta gero aktorea nintzelako egin zuten".

Olaizolak estreinekoz parte hartu du Interneterako telesail batean, baina adierazi duenez, zinemaren hizkuntza bera jarraitu dute hura grabatzeko, eta horretan esperientzia badu. Beraz, ez zaio arrotza egin formatu horretan aritzea. Uztailean grabatu zituzten atalak BECen, eta grabazioa "erritmo bizikoa" izan zela azpimarratu du: "Bost egunetan grabatu genuen guztia, BEC egun horietan izan genuelako erabilgarri eta horrenbestez, tarte horretan hasi eta amaitu behar izan genuelako grabazioa. Egin genuena zorakeria hutsa izan zen; finean, bost egunetako elkarbizitza txiki bat izan zen BECekoa".

Hamar minutuko zazpi atalek osatzen dute Kartzela webseriea, eta BECen kokatzen da ikus-entzunezko lan osoa. Barakaldoko erakustazokan euskaldun gehien elkartzen diren egunean harrapatatuta geratzeak protagonistei sorrarazten dien tentsioa, nekea, larritasuna eta horien artean eratzen diren harremanak kontatzen ditu telesail digitalak.

Panpina sortzen

Grabaketak uda partean izanik, Kartzela webseriea egoki uztartu du beste lanekin Olaizolak. Izan ere, azpeitiarrak badu beste hainbat proiektu esku artean, eta horietako bat da Panpina antzezlana. Azpeitiko Udalaren Sorkuntza Bekari esker gauzatuko du artistak egitasmoa, eta hark adierazi duenez, egun, haren sormen prozesuan buru-belarri dago murgilduta. Orain arteko proiektu pertsonalena dela aitortu du, baina modu kolektiboan ari da hura garatzen, Leire Arenas azpeitiarrarekin eta Oier Guillan donostiarrarekin batera ari baita lana sortzen. Urriaren 31n ikusiko du argia lanak, Euskal Antzerki Topaketetan.