Urriko bigarren eta hirugarren asteburuetan izango da aurtengo Garagardo Azoka

Uztarria.eus 2019ko urr. 2a, 11:19
Iazko irekierako irudi bat.

Urriaren 11n zabalduko ditu ateak azokak. Hain zuzen ere, Lagun Onak futbol taldeak inauguratuko du egitasmoa, aurten 75. urte betetzen dituelako klubak. Ondoren, ISBko taldeen aurkezpenak egingo dituzte. Urriaren 12an, 18an eta 19an ere irekita izango da Garagardo Azoka, 20:00etatik 02:00etara bitartean, Azoka Plazan.

Urtero legez, urriarekin iritsiko da Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatutako Garagardo Azoka herrira. Aurtengoa egitasmoaren XI. edizioa izango da, eta hileko bigarren eta hirugarren asteburuetan egingo dute. Hain zuzen ere, urriaren 11n, 12an, 18an eta 19an izango da irekita Azoka Plazan muntatuko duten azoka. Egun horietan guztietan ordutegi bera izango du: 20:00etatik 02:00etara egongo da zabalik.

Aurten gonbidatu bereziek inauguratuko dute azoka. ISBk erabaki du Lagun Onak futbol taldeari ematea horretarako ardura, klubaren 75. urtemuga delako aurten. Inaugurazio ekitaldiaren ordua ez dute zehaztu oraindik, baina Lagun Onakeko ordezkariek zabalduko dute aurtengo edizioa urriaren 11n, ostiralez. Ondoren, ohiko moduan, ISBko talde guztien aurkezpenak egingo dituzte plazan.

Askotariko garagardoak probatzeko aukera izango da egun horietan, hala nola Paulaner, Murphy's, Guinnes eta Affligem etxeetakoak. Dena den, izango da berrikuntzarik garagardoei dagokienez; izan ere, Hop House, Lagunitas IPA eta 18/70 La Rubia garagardoak ere dastatu ahal izango dira. Horrez gain, hainbat jaki ere prestatuko dituzte ISBko kideek.

Giroa alaitzeko asmoz, hainbat musika emanaldi ere prestatu dituzte Garagardo Azokaren sustatzaileek: urriaren 11n, euskal rocka izango da entzungai; urriaren 12an, DJ Elortxan eskainiko du saioa; urriaren 18an, 80ko hamarkadako musika jarriko dute Azoka Plazan; eta urriaren 19an, DJ Kanutoren txanda izango da.