Lagun Onakeko emakumeen lehen taldeak partidarik galdu gabe hasi du denboraldia

Uztarria.eus 2019ko urr. 1a, 17:01
Lagun Onakeko emakumeen lehen taldeko jokalari batzuk.

Ohorezko Erregional Mailako emakumeek duela bi asteburu hasi zuten 2019-2020 denboraldia. Lehen partida, Urola taldearen kontrakoa, bina berdindu zuten; bigarrena, berriz, 0 eta 5 irabazi zuten Zarautzen kontra. Asteburuan etxean jokatuko dute hirugarren jardunaldia, Bergararen kontra.

Lagun Onakeko nesken lehen taldeak, Ohorezko Erregional Mailakoak, duela bi asteburu hasi zuen 2019-2020 denboraldia. Ez du, gainera, edonola hasi sasoi berria; izan ere, bi partidetan eskuratu ditu puntuak taldeak. Lehen partida Urola taldearen aurka jokatu zuten emakumeek etxean, eta 2na berdinduta bukatu zen norgehiagoka; Haizea Salegik eta Eguzkiñe Peñak sartu zituzten Lagun Onaken bi golak.

Bigarren neurketa, berriz, joan zen asteburuan jokatu zuten, eta Lagun Onakek 0 eta 5 hartu zuen mendean Zarautz taldea. Ihintza Iturrik gol bat sartu zuen, eta Joane Kortak eta Nahia Etxeberriak, berriz, bina.

Bi emaitza horiek tarteko, lau punturekin sailkapeneko hirugarren postuan da Azpeitiko taldea. Datorren asteburuan Garmendipen jokatuko du Lagun Onakek, Bergararen kontra –ordua eta eguna zehazteke dituzte–.

Honako kirolari hauek osatzen dute aurten Lagun Onakeko emakumeen lehen taldea: Idoia Olaizola, Malen Astigarraga, Ane Balentziaga, Eneritz Landa, Naroa Muñoz, Lorea Rueda, Naroa Aiertza, Iraide Eizagirre, Maite Agirre, Ainhoa Bereziartua, Jone Bastida, Maria Sorazu, Olatz Erkizia, Ane Borda, Haizea Salegi, Joane Korta, Nahia Etxeberria, Eguzkiñe Peña eta Ihintza Iturri. Talde teknikoa, berriz, Markos Villanuevak, Ruben Pozok eta Iraide Leundak osatzen dute.