Lapatxeko konpostatze planta geldirik da, GHKren behin betiko erabakiaren zain

Uztarria.eus | Hirigintza
2019ko urr. 1a, 13:09

Azpiegiturak baldintza egokietan lan egiteko beharrezkoak dituen inbertsioak egitea eskatu zion joan den urte bukaeran Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK). Erakunde horrek bidegarritasun plana egin du, eta Lapatxekoa itxi eta Urola Erdiko hondakin organikoak Epelera (Bergara, Gipuzkoa) eta Zabalgarbiko erraustegira (Bilbo) bidaltzeko aukera jarri du mahai gainean; etzi egitekoa duen batzarrean har dezake azken erabakia. Lapatx ixten badute, horrek ekarriko dizkion kalteak eta gainkostuak bere gain hartzea eskatuko dio Urola Erdiko Mankomunitateak GHKri.

Lapatxeko konposta egiteko planta, 2016an hartutako irudian.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Lapatxeko konpostatze planta behin-behinean geldirik dago. Ekainean, sanjuanen bueltan, eraman zituzten azken aldiz Lapatxera Urola Erdiko Mankomunitateko udalerrietan jasotako hondakin organikoak, han konpost bihurtzeko. Beste pare bat hilabetean, abuztuaren bukaera aldera arte, lanean aritu ziren, barruan zuten material guztia prozesatu arte, eta harrezkero geldirik dago Azpeitiko konpostatze planta.

Konpostatze plantak inguruan eta bizilagunen artean sortzen zituen eragozpenak kontuan hartuta, Azpeitiko Udalak eskaera egin zion iazko urte amaieran Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK); Lapatxeko plantak baldintza egokietan lan egiteko beharrezkoak dituen baliabide teknologikoak ezartzea eta horretarako inbertsioak egitea eskatu zion, hain zuzen ere, udalak GHKri. Eskaera horren aurrean, bideragarritasun plana egiteko lau hilabeteko epea hartuko zuela jakinarazi zion GHKk udalari. Behin betiko erantzunaren zain, behin-behinean, Lapatxera hondakinak eramateari utzi zioten ekain bukaeran. Horrela, ordutik hona, Urola Erdiko Mankomunitateak Elgoibarren dagoen transferentzia zentrora eramaten ditu lehen Lapatxeko konpostatze plantan uzten zituen hondakinak.

Balizko itxieraren ondorioak

Etzi irits daiteke Lapatxeko konpostatze plantaren gaineko behin betiko erabakia, GHKk egingo duen batzarrean. Aipatutako bideragarritasun planaren ondorioetan, Lapatxekoa itxi eta Urola Erdiko hondakin organikoak Epelera (Bergara, Gipuzkoa) eta Zabalgarbiko erraustegira (Bilbo) bidaltzeko aukera jarri du mahai gainean kontsortzioak, Lapatxen behin-behineko errealitatea behin betikotuz. GHKrentzat, Lapatxeko plantak ondo funtziona dezan behar den inbertsioa egitea baino errentagarriagoa da Urola Erdiko Mankomunitateko udalerrietako hondakin organikoak Epelera eta Zabalgarbira bideratzea.

Bestelakoa da, ordea, Urola Erdiko Mankomunitatearen ikuspuntua. Ekain bukaeraz geroztik egiten ari diren bezala, Lapatx behin betiko ixten badute Elgoibarko transferentzia zentroraino eraman beharko dituzte Urola Erdiko hondakin organikoak, eta horrek mankomunitateari "kalteak eta gainkostuak" ekarriko dizkiola ohartarazi du Aitor Bereziartuak, mankomunitatearen lehendakari eta Azpeitiko zinegotziak. "Gure lehen aukera da Lapatxen baldintza egokiak bermatzea eta konpostatze planta irekita mantentzea. GHKn gehiengoak erabakitzen badu hori ezin dela egin, Lapatx ixteak gure mankomunitateari eragingo dizkion kalteak eta gainkostuak GHKk bere gain hartzea eskatuko dugu", azaldu du Bereziartuak. GHKn, Urola Erdiko Mankomunitatearen ordezkaritza eta pisua %3koa dela ere ekarri du gogora Bereziartuak, eta kontsortzioko kide diren mankomunitateen artean "txikiena" dela. Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidania-Goiatz, Errezil eta Zestoa dira gaur egun mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerriak.

2008an ireki zuten Lapatxen konposta egiteko planta, 2.600.000 euroko inbertsioa eginda. Gipuzkoako aurrena izan zen eta esperientzia pilotu gisara egin zituen lehen urratsak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu