Maider Etxezabal: "Nire lana egiten disfrutatzea soilik neukan buruan, eta horrek lagundu zidan ustekabean txapela irabazten"

Uztarria.eus 2019ko urr. 1a, 13:08
Maider, argazkiaren erdian, lokotx bilketan irabazitako txapelarekin.

Maider Etxezabalek (Azpeitia, 1990) Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketa irabazi berri du, Igantzin (Nafarroa). Lehia oso estua izan zen larunbatekoa, baina txapela janztea lortu zuen txapelketan Araba ordezkatuz parte hartu zuen kirolari azpeitiarrak. "Gustura" dago lorpenarekin, eta lanean jarraitzeko prest dago: sokatirako denboraldi-aurrean murgilduta da, eta otsailean munduko txapelketan ariko da Irlandan.

Nolatan hasi zinen lokotx bilketan?

Sokatirako taldeko kideok herri kirol erakustaldiak egiten ditugu udan, eta bakoitzaren gaitasunen arabera banatzen ditugu kirolak. Korrika pixka bat egiten dudanez, beste batzuen artean, niri egokitzen zait gehienetan lokotxak biltzea.

Noiz hasi zinen lehiatzen?

Iaz Araban egiten diren herriarteko herri kirol txapelketan parte hartu genuen, eta bertan lehiatu nintzen lehenengoz. Txapelketa hartan bikoteka jaso behar ziren 50 lokotxak; beraz lehiaketa ofizialean baino errazagoa zen egitekoa. Txapelketa ofizialean lehen aldiz, berriz, lehengo urtean parte hartu nuen. Arabakoan lehiatu nintzen, eta hirugarren egin nuen.

Orain, Euskal Herriko Txapelketa irabazi duzu. Gustura al zaude?

Bai, oso gustura. Arabakoan bigarren egitea lortu nuen, eta horrekin dagoeneko gustura nintzen. Euskal Herriko txapelketa irabazita, zer esanik ez.

Espero al zenuen aurrena egitea?

Inola ere ez. Parte-hartzaileen erdiek txapela lortuta zuten beren herrialdeetan, eta horietako bi aurretik Euskal Herriko txapeldun izanak ziren behin baino gehiagotan. Gainera, saikapen fasean lortu genituen denborak kontuan hartuta, haien denborak nireak baino askoz ere hobeak ziren.

Lehia oso estua izan zen...

Ehunen batzuen kontua izan zen. Nahi izanda ere, ezin zuen estuago izan txapelketak. Nik parte hartu nuen txandan, amaierara arte ez nintzen konturatu pareko gindoazela. Hori horrela izanik, azken txanpa azkarrago egiten saiatu nintzen, eta txanda irabaztea lortu nuen. Bigarrengo txandan ere, estu amaitu zuten lehia lehengo biek. Bukatzean, kostatuta izan bazen ere, txapela niretzat zela esan zuten mikrofonotik. Nik 07 minutu, 48 segundo eta 69 ehunen behar izan nituen 50 lokotxak jasotzeko, eta bigarren sailkatu zen Ainhoa Iraizozek, 07 minutu, 48 segundo eta 80 ehunen. Beraz, zorteko ibili nintzen.

Araba ordezkatu duzu txapelketan. Zergatik?

Sokatiran Araban nago federatua, eta horregatik lehiatu naiz herrialde horren izenean. Gainera, tamalez, Gipuzkoako parte-hartzailerik ez zen izan Euskal Herriko txapelketan, herrialdeko nesken txapelketa ezin izan zutelako egin.

Nola prestatzen zara halako lehietarako?

Lokotx guztiak distantzia egokian jartzeko lekua topatzea izaten da zailena. Behin hori lortuta, gehienbat ahalmen aerobikoa eta punteria landu behar dira. Agian, kanpotik erraza dirudi, baina kontuan izan behar da korrika egiteaz gain, 50 aldiz makurtu eta altxatu behar duzula. Gainera, hori eginda ere, ahalik eta urrunenetik lokotxak otarrean sartzeko gai izan behar duzu. Nik korrika egin arren, punteria txar xamarra daukat, eta urduri jarriz gero, kanpora botatzea oso erraza da. Hori dela eta, batez ere punteria entrenatzen saiatzen naiz.

Beste txapelketarik ba al duzu aurki?

Laster hasiko gara sokatirako denboraldiarekin, eta txapelketei buru-belarri ekingo diegu. Lehenik, Euskal Herriko txapelketak izango ditugu eta ondoren, otsail bukaeran, munduko txapelketa dugu Irlandan. Ahal bezain ondoen aritu nahi dugu lehia horretan. Orain, denboraldi-aurrea egiten ari gara.

Kirol askotan aritzen zara, hala nola sokatiran, lokotxetan, igeriketan... Zein duzu gustukoen?

Kirol bakoitzak zerbait desberdina ematen dit. Orain dela gutxira arte herri kirolen mundua ezezaguna zen niretzat, baina gustura ibiltzen naiz sokatiran, lokotx biltzen, trontzan eta abarretan. Gainera, taldean giro atsegina dugunez, errazagoa egiten da dena. Korrika pixka bat ere egiten dut; adibidez, Azpeitiko eta Errezilgo Kros Mistoetan anaiarekin atera izan naiz, eta lagunekin ere egin izan ditut beste lasterketa batzuk. Bestalde, ahal dudanean igeriketari ere eusten diot; udako itsas zeharkaldiak eta horietan sortzen den giroa atsegin ditut. Kirol guztien artean oreka bilatzen jakin behar izaten dut, momentu garrantzitsuetan gorputzak ondo erantzuteko.

Urteetan aritu zara Izarraitz igeri elkartean. Zer eman dizu klub horrek kirol jardunari dagokionez?

Izarraitz geri elkartean 15 urte inguru egin ditut, eta elkarteari esker, pertsona garrantzitsu ugari ezagutu ditut. Horrenbeste denbora igarota, igeriketak garrantzi handia izan du nire bizitzan, eta beharrezkoa izan da niretzat kirola gaur egun ulertzen dudan moduan ulertzeko. Inoiz herrialde mailatik gora ibili ez nintzen arren, kirolarekin disfrutatzen ikasi nuen igeriketari esker, eta parte-hartzea garrantzitsua bezain beharrezkoa dela ikusi dut. Lokotx biltzen txapela lortzeko oinarria izan da hori; izan ere, arerioak zeintzuk ziren jakinda, nire lana egiten disfrutatzea soilik neukan buruan, eta horrek lagundu zidan ustekabean txapela irabazten.