Munoandi elkarteak hainbat hitzaldi antolatu du, "herritarrei tokia" eginda

Uztarria.eus 2019ko urr. 1a, 12:32
Ignacio Arakistain eta Maria Jesus Aranburu Munoandi elkarteko kideak.

Lehen hitzaldia ostegunean izango da, eta bi gonbidatuak azpeitiarrak izango dira: Mari Jose Aranguren Orkestra euskal lehiakortasunaren institutuko zuzendaria eta Miren Larrea insitutu horretako ikerlaria. Basazabalen izango da solasaldia, 19:00etatik aurrera, Gazteak unibertsitateari. Unibertsitateak gizarteari izenburupean. Azpeitiko idazleei buruzko mahai-inguru bat eta Europako Batasunaren noraezari buruzko hitzaldi bat ere egingo dituzte aurrerago. Munoandiren ekintzek herriko gainerako ekintzen artean tokia egitea da elkartean helburua, eta haien osagarri izatea ere bai.

Munoandi kultur elkarteak hitzaldi ziklo berri bat antolatu du, eta lehen solasaldia ostegunean, urriaren 3an, izango da. Gazteak unibertsitateari. Unibertsitateak gizarteari izenburupean hitzaldia eskainiko dute Mari Jose Aranguren eta Miren Larrea Orkestra lehiakortasunaren euskal institutuko kideek, 19:00etan hasita, Basazabal jauregian. Bi solaskideak azpeitiarrak dira, eta biek ala biek ekonomiaren arloan egiten dute lan Orkestran: Aranguren institutu horretako zuzendaria da, eta Larrea, berriz, ikerlaria. Onintza Segurola kazetaria arduratuko da solasaldia gidatzeaz.

Aranguren Ekonomia katedraduna da Deustuko Unibertsitatean, eta aditua da, besteak beste, lehiakortasunean eta lurralde estrategian, klusterretan eta sareetan nahiz politiken analisian eta ebaluazioan. Gazteez, unibertsitate ikasketez nahiz gizarteaz hainbat artikulu argitaratu ditu hark, aldizkari espezializatu hainbatetan. Larrea Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da, eta Ekonomia Zientzietan doktorea. Gainera, Deustuko Unibertsitatean egin zuen Euskal Autonomia Erdikedoko tokiko ekoizpen sistemi buruzko doktore tesia. Irakasle lanetan nahiz garapen agentzia batean beharrean aritu ondoren, Orkestran hasi zen lanean, lurralde garapenari buruzko ikerketa egiteko. Larreak ere hainbat artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan zein liburuetan.

Solasaldi gehiago ere bai

Munoandik ziklo berriaren aurkezpena egin zuen atzo, eta elkarteko kide Maria Jesus Aranburuk azaldu zuenez, herritarrei tokia egin nahi izan diote ziklo berrian: "Askotan kanpokoek hobeak izan behar dutela pentsatzen dugu, baina guk herrikoei egin diegu tokia, goi mailakoak direlako horiek ere". Gazteak, unibertsitatea eta gizartea izango dituzte hizpide bi gonbidatuek solasaldian, eta goi mailako ikasketen onura indibidualaz nahiz kolektiboaz ere ariko dira. "Unibertsitatera gazte asko joaten da urtero, eta han beste hainbat ikaslerekin egiten dute topo. Goi mailako ikasketak egiten dituzte, baina horrek zer dakarkio gizarteari?", esan zuen Aranburuk.

Ignacio Arakistain elkarteko kideak azaldu zuenez, tokiko begirada eta begirada orokorra uztartu nahi dituzte hitzaldiekin. "Herritarrei ikuspegi lokala zein kanpokoa helarazi nahi dizkiegu solasaldiekin, eta horiek hausnarketara eta aisialdira gonbidatu nahi ditugu". Hitzaldien xedeari lotuta, galdera batzuk ere plazaratu zituen Arakistainek aurkezpenean: "Gizartea lozorroan bizi dela esaten da, anestesia moduko egoera apal eta isil batean. Informazio gehien dugun garaian, informatuta al gaude? Titularretan eta azalean gelditzen al gara? Lortzen al dugu gauzen muinera iristea?". Orain arte Munoandik antolatu izan dituen ekitaldiek "arrakasta" izan dutela adierazi zuen Arakistainek, eta horregatik eskerrak eman zizkien herritarrei. Gainera, hark azaldu zuen aurrerantzean ere herritarren interesa piztuko duten gaiak aukeratuko dituztelakoan daudela, datozen ekitaldiei keinu eginez.

Ez da, beraz, Arangurenena eta Larrearena izango epe laburrean Munoandik antolatuko duen solasaldi bakarra. Elkarteko kideek aurreratu dutenez, Azpeitiko idazleei buruzko mahai-inguru berezi bat ari dira prestatzen, eta Xabier Euzkitzek egingo ditu moderatzaile lanak. Ez dute zehaztu zein idazle izango diren mahaiaren bueltan, baina lan horretan ari direla jakinarazi dute. Hirugarren saio bat ere izango da. Data ez dute zehaztu, baina gaia eta hizlariak finkatuta dituzte. Hain zuzen ere, Europako Batasunaren noraeza: bizimodu europarra ezbaian izango da solasaldiaren izenburua, eta Xabier Ezeizabarrena EHUko Zuzenbide irakaslea eta Joxerramon Bengoetxea Eurobasque Europa Kontseiluko idazkari nagusia izango dira hizlariak. Saioaren aurkezle lanak Ignacio Arakistainek egingo ditu.

Iaz indartutako bidea

Aranburuk iaz Munoandik antolatu zituzten solasaldien errepasoa ere egin zuen, joan zen urtean elkarteak programazioari "bultzada" eman ziola aipatuta. Izan ere, besteak beste, Mikel Reparaz, Ane Irazabal eta Jon Sarasua izan ziren elkarteak gonbidatuta hitzaldia eskaini zuten pertsonetako batzuk. Aranburuk azaldu zuenez, Munoandiren ekintzek herriko gainerako ekintzen artean tokia egitea da helburua, eta haien osagarri izatea ere bai: "Hori da helburua, eta xedea lortzea espero dugu".