Poesia errezitaldia eskainiko dute gaur Iñigo Astizek eta Mikel Aierbek

Uztarria.eus 2019ko urr. 2a, 10:45
Hitzaren Eskolako irudi bat.

Martxan den Hitzaren Eskolaren barruan antolatu du emanaldia Dinamoa sormen guneak, eta herritar guztientzat irekia izango da. 19:30ean hasita eskainiko dute errezitaldia Hogeita bat, mendeko emanaldi poetikoa izenburupean, Dinamoan.

Duela aste batzuetatik martxan den Hitzaren Eskolaren barruan ekitaldi ireki bat antolatu du Dinamoa sormen guneak gaur arratsalderako. 19:30ean hasita, Hogeita bat, mendeko emanaldi poetikoa izenburupean poesia errezitaldia eskainiko dute Iñigo Astiz Berria egunkariko kazetari eta idazlea iruindarrak eta Mikel Aierbe idazle azpeitiarrak, Dinamoan.

Herritar guztiek izango dute emanaldira joateko aukera. Astizek azaldu duenez, Mikel Aierbe azpeitiarrarekin batera eskainiko du emanaldia: "Biok ibiliko gara eszenan, poesia irakurtzen, Ikeako altzari bat muntatzen, Coca-Cola bat edaten, beste arrisku kirok batzuk praktikatzen".