Lau eta erdiko txapelketako partida izango da urriaren 11n Izarraitz frontoian

Uztarria.eus 2019ko ira. 30a, 17:08

Hiru partidako jaialdia antolatu dute: lehen mailako bat eta promozio mailako bi. Denak lau eta erdiko txapelketetako neurketak izango dira. Lehen mailako partida Irribarria eta Victorren nahiz Bakaikoa eta Jakaren arteko lehietako bi irabazleek jokatuko dute. Promozio mailakoetan, berriz, Jon Alberdi eta Julen Egiguren ariko dira. 22:00etan hasiko da jaialdia, eta dagoeneko eskura daitezke sarrerak, 25 euroren trukean.

Datorren asteburuan hasiko da lau eta erdiko pilota txapelketa, eta lehen mailako lehia horretako partidetako bat ikusi ahal izango da urriaren 11n, ostiralez, Izarraitz pilotalekuan, 22:00etatik aurrera. Irribarria eta Victorren nahiz Bakaikoa eta Jakaren arteko kanporaketetatik sailkatzen diren bi pilotariak izango dira aurrez aurre Azpeitian; izan ere, final laurdenetako ligaxkako lehen partida izango da Izarraitzekoa.

Partida hori jaialdiko bigarrena izango da, baina beste bi norgehiagoka ere izango dira. Hain zuzen ere, promozio mailako lau eta erdiko txapelketako bi neurketa ere izango dira. Partida horietan Azpeitiko pilotariak izango dira protagonista; izan ere, lehen neurketa Jon Alberdik jokatuko du, eta Julen Egigurenek hirugarrena. Oraindik ez dute zehaztu zein izango diren horien aurkariak, asteburuan lortutako emaitzen arabera erabakiko baita hori.

Dagoeneko salgai jarri dituzte urriaren 11ko jaialdirako sarrerak Interneten. Horiek honako lotura honetan eskuratu ahal izango dira, 25 euroren trukean. Dena den, Izarraitz pilotalekuko txarteldegian ere jarriko dituzte sarrerak saltzen partiden egunean, 20:00etatik aurrera.