Euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzera dator Arnasa Gara ekimena

Uztarria.eus | Euskara
2019ko ira. 30a, 14:27

Arnasa Gara proiektuak bi fase ditu, eta hiru osagai nagusi: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo dituzten aurkezpen-ekitaldiak eta Kartzela telesail digitala. Gaur azaldu dituzte ekimenaren inguruko xehetasun guztiak Sanagustin kulturgunean egindako agerraldian. Herriz herriko lehen aurkepena, berriz, ostegunean egingo dute, Azpeitian bertan. Euskararen arnasguneen garrantziaz kontzientziateko sortutako Kartzela telesail digilataren aurreneko bi atal primizian ikusteko aukera izango da urriaren 3an Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. 

Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute Sanagustin kulturgunean. (Maialen Etxaniz).  Ikusi haundiago | Argazki originala

Arnasguneak euskarari hauspoa ematen lelopean, Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute gaur, astelehena, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema). Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egin dute aurkezpena, Arnasa Gara egitasmoaren inguruko xehetasun guztiak aletzeko. Proiektuaren helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea, gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz jabetu daitezen.

Arnasa Gara proiektuak bi fase ditu, eta hiru osagai nagusi, hirurak hertsiki loturik: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen-ekitaldiak eta Kartzela serie digitala. Lehenengo fasean, arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko dute egitasmoaren sustatzaileek. Horretarako, ekimenaren berri emateko kanpaina bat jarriko dute martxan, eta hori baliatuko dute ekimena gizarteratzeko. Kanpaina horren barruan, Arnasa Gara ekimenaren osagai nagusienetakoa den Kartzela telesail digitala aurkeztuko dute, herriz herri. Aurreneko aurkezpena Azpeitian egingo dute, datorren ostegunean, urriaren 3an, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. 

Ekimaneren bigarren fasean, berriz, proiektua Euskal Herri osora zabalduko dute, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutaraztea xede. Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiez gain, egitasmoan parte hartzen dute Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Nafarroako Gobernuak –Euskarabidearen bitartez–. Horretaz baliatuz nahi dute Arnasa Gara Euskal Herri osora zabaltzea. 

Ikerketa abiapuntu

Arnasa Gara proiektua gorpuztu aurretik, arnasguneetako errealitatea hobeto ezagutzeko ikerketa bat egin dute egitasmoaren sustatzaileek. Azaldu dutenez, egungo egoeraren inguruko ikerketa bat egitea izan zen proiektuaren lehen pausoa. Ikerketa kualitatibo bat burutu zuten lehenik, herriz herri partehartze prozesuak eginez. Goizueta, Lekeitio, Zumaia, Azpeitia, Elizondo, Mallabia, Dima eta Anoetako herritarrekin bildu ziren Uema eta Iametza komunikazio-enpresa. Prozesua amaituta, hainbat gogoeta atera zituzten proiektuaren sustatzaileek, geroko proiektua taxutzeko "oso baliagarriak" izan direnak.

Arnasa Gararen sustatzaileen hitzetan, soziolinguisten arabera, arnasguneak "bereziki garrantzitsuak" dira euskara indarberritzeko prozesuan. Hainbat arrazoi aipatu dituzte: "Arnasguneetako herritarrak eredu dira euskararen normalkuntzan. Erakutsi dute posible dela euskaraz bizi den herria, eta posible dela euskaraz egitea bizitzako esparru guztietan. Gainera, arnasguneetako erakunde asko eredu dira euskara administrazioan era trinkoan erabiltzeko orduan. Hizkera informalak eta naturalak hitz eta molde berriak ekartzen dizkio euskarari, hizkuntza batek ezinbestekoa duen berrikuntza ekarriz, egunero biziberrituz. Bestetik, bertako herritarrak gainontzeko euskaldunekin hizketan daudenean euskaraz aritzeko joera gailentzen da, euskara-ohiturak hedatzeko ahalmen handia dute". 

Elkarlana eta erantzukizuna

Arnasa Gara egitasmoa babestu duten erakunde guztietako ordezkariak bat etorri dira arnasguneen garrantzia azpimarratzerako orduan, eta egitasmoaren atzean dagoen elkarlana nabarmendu dute. Egitasmoa babesten duten erakundeetako ordezkariak izan dira gaur Azpeitian egindako agerraldian: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; eta Josu Labaka, Uemako lehendakaria. Horiez gain, ekimenean parte hartuko duten zenbait udalerrietako alkateak ere aurkezpenean izan dira: Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea; Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Lierni Altuna Aramaioko alkatea.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hartu du hitza aurrena, eta hark eskerrak eman dizkie egitasmaoren sustatzaileei Arnasa Gararen aurkezpena Azpeitian egiteagatik. "Ohorea eta aitortza da guretzat", esan du Alkortak: "Honek balio digu euskararen sustapenean herri bezala egiten ari garen ekarpenaz jabetzeko eta balio digu azpeitiarrok euskararekiko dugun konpromisoa berresteko". Arnasa Gara ekimena "euskararen bueltan eraiki den elkarlanaren giroaren adierazlea" dela esan du Azpeitiko alkateak, eta esan du Azpeitiko Udalak bat egin nahi duela elkarlanerako konpromiso horretan. "Euskararen arloan egiten ari garen bidea baliatu beharko genuke beste arlo batzutan ere modu berrean berdin jokatzeko, guztion artean euskararen herria eraikitzeko", adierazi du Alkortak. 

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak hartu du hitza ondoren. Euskararen arnasguneei eta, bereziki, Azpeitiari erreferentzia eginez hasi du hitzartzea, eta azpimarratu du "garrantzitsua" dela arnasguneen gainean arreta jartzea; izan ere, Zupiriaren hitzetan, arnasguneak "euskararen birikak" dira. Horren harira, Mikel Zalbidek euskararen arnasguneez egindako lana nabarmendu nahi izan du, baita Uemak egindako lana ere. Halaber, arnasguneetako biztanleek euskarari egin diezaioketen ekarpenaz mintzatu da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua. Hark esan du, euskararen arnasgune diren herrietako biztanleek "erantzukizuna" dutela beren hizkuntza joerak arnasgune ez diren eremuetara emateko: "Handia da arnasguneetako biztanleek egin dezaketen ekarpena". 

Arnasguneen garrantzia izan du hizpide Uemako lehendakari Josu Labakak ere. "Arnasa Gara kanpaina euskararen arnasguneak Euskal Herriarentzat zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi duen kanpaina da. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza. Badakigu. Eta herri honen berezko hizkuntza modu naturalean arnasguneetan ari da taupaka, sendo eta osasuntsu. Horregatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzeko eta herritarrek horren kontzientzia hartzeko beharra ikusi dugu Uemak eta beste hainbat erakunde publikok. Batetik, arnasguneetako biztanleek kontzientzia har dezaten. Bestetik, gainerako euskal herritarrek ere arnasguneak babestea eta hedatzea euskararen normalizaziorako ezinbestekoa dela jakin dezaten, hizkuntza ekologiaren ikuspegian bide eginez", adierazi du Labakak. Horrez gain, Uemak egindako lanaz eta erakundeen arteko elkarlanaren garrantziaz mintzatu da: "Uema sortu zenetik, euskararen normalizazioan eta erabileran duten eraginagatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzen aritu da urte askoan. Etenik gabe aldarrikatu du euskararen arnasguneek berariazko aitortza, zaintza eta babesa behar dutela, udalerri euskaldunak garatzeko hizkuntza politika berezituarekin batera. Kanpaina berri eta sendo honekin Uemak urte askoan landutakori denon artean emango diogu hauspoa orain. Guretzat benetan eskertzekoa da erakunde hauek guztiak proiektura batzea".   

Kartzelaren aurreneko geltokia, Azpeitia

Urria eta azaroa bitartean, Arnasa Gara proiektuaren aurkezpena egingo dute Euskal Herriko 22 udalerritan, eta aurrenekoa Azpeitian egingo dute, ostegunean, urriak 3. Aurkezpen ekitaldi horietan, Arnasa Gararen sustatzaileek primizian erakutsiko dituzte abenduan kaleratuko duten eta arnasgune diren sei udalerri desberdinetako pertsonak protagonista izango dituen Kartzela telesail digitaleko lehen bi kapituluak. Horretaz gain, gerturatzen diren herritarrekin arnasguneen garrantziari eta errealitateari buruz hitz egiteko aukera ere izango da.

Beraz, Azpeitia izango da Arnasa Gara aurkezpen birari hasiera emango dion herria. Sanagustin kulturgunean izango da aurkezpena, 19:00etan hasita. Aurkezpenean parte hartuko du Erika Olaizola azpeitiarrak; izan ere, Olaizola da Kartzela telesaileko protagonistetako bat. Interneterako ekoiztutako telesailak Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren ondoren BECen harrapatuta gelditzen diren pertsonen istorio bat du oinarrian.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu